Itxi

Politika

Xabier Arzalluz zendu da

Politikari ugari Bilboko beilatokian, Xabier Arzalluzi azken agurra emateko

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Besteak beste, Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohia, Andoni Ortuzar EBBko presidentea edo Txema Montero HBko buruzagi ohia izan dira goizean Begoñako ehorztetxean.

1:45
EAJ

Xabier Arzalluz Eusko Alderdi Jeltzaleko presidente ohiaren senitarteko eta lagunak gaur goizetik ari dira buruzagi jeltzalearen gorpua beilatzen Bilboko Bilbaina ehorztetxean (Begoña auzoa, Zumalakarregi etorbidea 10) dagoen beilatokian. Hara hurbildu dira euskal politikagintzako aurpegi ezagun asko ere azken agurra ematera. Arzalluz atzo hil zen Bizkaiko hiriburuan, 86 urte zituela.

Hilbeila gela goizean zabaldu dute, eta honako ordutegia izango du: 10:00etatik 14:00etara, eta 17:00etatik 20:00etara. Larunbat goizean ere (10:00-14:00) irekita izango da. Arratsaldean egingo dute Arzalluzen aldeko hileta elizkizuna, bere jaioterriko (Azkoitia) Andre Maria Jasokundearen parrokian.

EAJko gaur egungo buruzagi nagusiak eta jeltzale historikoak izan dira beilatokian. Juan Jose Ibarretxe lehendakaria izan da Begoñako ehorztetxera hurbiltzen lehenengotarikoa. 10:45 aldera iritsi da, eta ez du adierazpenik egin.

EBBko presidente Andoni Ortuzar Madriletik zuzenean joan da, "euskal politikagintzako handi bati azken agurra emateko". Esan duenez, egin ahal zaion "omenaldirik onena adierazi zuen bidetik jarraitu eta beti sinetsi zituen ideiak defendatzea" da. Jeltzaleek beti "jarraituko" duten "eredua" dela esan du Ortuzarrek.

EAJko lurralde buruzagiak ere izan dira bertan. Horien artean, Arzalluzekin harreman estua izan zuen Joseba Egibar GBBko presidentea.

Buruzagi ohi ugari izan dira Bilbon. Besteak beste, Jon Azua lehendakariorde ohia 1991 eta 1995 artean, Josune Ariztondo EBBko idazkari ohia, Emilio Olabarria diputatu ohia eta Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusi ohia.

Ariztondok nabarmendu duenez, "urteak behar izango dira Xabier Arzalluzen mailako beste buruzagi bat egoteko". Bere iritziz, buruzagi jeltzaleak "bere gain hartzen zuen EAJren kontra egindako adierazpen gogorrenen ardura eta arreta, erakundeei zama hori utzi gabe".

Juan Maria Atutxa, Eusko Legebiltzarreko presidente ohia eta Sabino Arana Fundazioko burua; Javier Agirre, Arabako ahaldun nagusi ohia; Imanol Lasa, Gipuzkoako foru bozeramailea, eta Juan Maria Aburto, Bilboko alkatea, ere bertan izan dira.

Politikariak, Arzalluzen beilatokian. Argazkiak: EFE

Ezker abertzalearen ordezkaritza zabala

Ezker abertzalearen aldetik izan dira, besteak beste, Sortuko idazkari orokorra, Arkaitz Rodriguez. Arzalluzen "lidergoa" onartu du, baita "Euskal Herriaren bilakaeran" utzi duen "arrasto sakona" ere.

Berarekin batera ikusi dira Sortuko Rafael Diez Usabiaga, Rufi Etxeberria ezker abertzaleko buruzagi historikoa eta ETAko buruzagi ohi Eugenio Etxebeste 'Antxon'.

Txema Montero abokatua eta HBko buruzagi ohia ere Begoñan izan da. Gorespen hitzak izan ditu Azkoitiko buruzagiarentzat. "Gizon aparta izan zen, Euskal Herriarentzat bereziki latza izan zen une batean". Monteroren esanetan, Arzalluzek ezker abertzaleak baino "argiago izan zituen ideiak".

Arnaldo Otegi, EH Bilduko koordinatzaile orokorra ere Bilbon izna da. Arzalluzi buruz "bere herrialdearen alde borrokatu zuen abertzale zintzoa" izan zela esan du. Nabarmendu duenez, bien artean desberdintasunak izan ziren arren, "guretako bat zen, abertzale zintzoa, gure herrialdearen alde egin zuena".

PSE-EE eta Podemosen ordezkaritza, eta Alvarez-Cascos

PSE-EEko idazkari nagusi Idoia Mendiak beilatokian onartu duenez, Arzalluzek "Euskadin zein Espainiako trantsizioan oso eginkizun garrantzitsua izan zuen". Patxi Lopez lehendakariarekin batera joan da Mendia.

Lander Martinez izan da Podemosen ordezkaria Begoñan. Idazkari nagusiak Arzalluzek euskal politikan izan duen "pisua" nabarmendu du, baita "utzi duen arrastoa" ere.

PPk Madrildik bidali ditu doluminak. Ustekabea Francisco Alvarez-Cascos Espainiako Gobernuko presidenteorde ohiak eta Foro Asturiaseko presidenteordeak utzi du. Iñaki Anasagastirekin batera auto berean heldu da beilatokira.

Urkulluren bisita, bihar

Iñigo Urkullu lehendakaria bihar joango da (10:00) Bilboko ehorztetxera Arzalluzen senide eta lagunei doluminak ematera. Arratsaldean, berriz, Azkoitian izango da hileta elizkizunetan, Lehendakaritzako iturriek zehaztu dutene.

Ikurrina masta erdian Sabin Etxean

Atzotik, eta dolu ikur gisa, ikurrina masta erdian dute EAJren Bilboko egoitzan, Sabin Etxean. Horrez gain, egoitzako atarian dolumin-liburu bat jarri dute.


  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena