Politika -
Ezker abertzalea
Sorturen eta Bilduren urratsak ez gutxiestea eskatu du Jaureguik
Presidentzia ministroak adierazi du ezker abertzalearen urratsak "aurrekaririk gabekoak" direla, baina "dena amaitu dela" ez pentsatzeko dei egin du.
Erredakzioa
Ramon Jauregui Espainiako Gobernuko Presidentzia ministroak ezker abertzalea Sorturen eta Bilduren bitartez ematen ari den pausoak ez "gutxiestea" eskatu du gaur. Izan ere, urratsok "aurrekaririk gabekoak" direla iritzi dio.
Dena dela, TVEn egindako elkarrizketa batean, "dena amaitu dela pentsatzeko tentaldian ez erortzeko" dei egin du, ETA ez baita desagertu oraindik.
Jaureguik gogorarazi duenez, Gobernuak uste du ezker abertzaleak ez duela oraindik haustura "frogagarria eta atzeraezina" egin indarkeriarekin, eta beraz, "inpugnazioak" jarriko dituztela hauteskundeetara aurkeztuko dituzten balizko zerrenden aurka.
Ministroak aitortu du ez diola harritu astearte honetan Legorretan atxilotutako ETAko ustezko kideek ia 1.000 kilo lehergai izatea, erakunde terrorista ez baita desagertu.
Nolanahi ere, ezker abertzalearen garapenari dagokionez, Jaureguik azpimarratu nahi izan du Gobernua ez dagoela "beste leku batera begira", ETA "menperatu eta gero" adierazpen politiko horrek "espazio politikoa" izan beharko duelako.