Politika -
Auzitegi Nazionala
Amaitu da Bizkaia komandoaren aurkako epaiketa
Fiskalak 49 urteko kartzela-zigorra eskatu du Arkaitz Goikoetxea ETAko Bizkaia komandoko ustezko buruarentzat. Gainerako sei akusatuentzat, berriz, 8 eta 20 urte arteko zigorrak eskatu ditu.
Erredakzioa
Bizkaia komandoaren aurkako ustezko kideen epaiketa gaur amaitu da Auzitegi Nazionalean. Joan den martxoaren 28an hasi zen Arkaitz Goikoetxea eta beste sei kideren kontrako auzia.
Fiskalak eta Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (AVT) 49 urteko kartzela-zigorra eskatzen dute Arkaitz Goikoetxea komandoko ustezko buruarentzat. Goikoetxeak epaiketa amaitu aurretik, azken hitzaren txandan "atxiloketa, tortura eta horrelako epaiketak" eteteko esan du eta "hona ekarri gaituen gatazka herriari hitza emango dion prozesu demokratiko batek bakarrik konponduko du", gaineratu du.
Akusatuta dauden beste bi kideren abokatuek absoluzioa eskatu dute gaurkoa saioan. Egozten zaizkien delituak ez daudela frogatuta argudiatu dute eta atxiloketen garaian tratu txarrak pairatu zituztela salatu dute.
Fiskalak atzo ezagutarazi zuen azken txostena. 49 urteko kartzela-zigorra eskatu du Arkaitz Goikoetxearentzat, ETAko kide izatea leporatuta eta Eibarko Benjamin Atutxa zinegotzi sozialista bahitu eta hil nahi izana egotzita.
Beste sei akusatuentzat, berriz, 8 eta 20 urte arteko kartzela zigorrak eskatu ditu.