Politika -

PARLAMENTO EN LAS ONDAS

EH Bilduk eta Podemosek ukatu egin dute Urkulluk salatutako 'blokeo estrategia'

Bi alderdiek kritikatu egin dute ostiral honetan lehendakariak esandakoa, EH Bildu eta Podemos "Eusko Jaurlaritzaren kontra" ari direla bozketetan, "EAJ ez denean akordiotara iristeko gai".

Parlamento en las Ondas gaur, maiatzak 4.
Parlamento en las Ondas gaur, maiatzak 4.
EAJk elkarrizketarako deia egin dio EAEko oposiziori

15:04

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Radio Euskadiko "Parlamento en las Ondas" tertulia politikoa baliatu dute EH Bilduko eta Elkarrekin Podemoseko ordezkariek atzo Iñigo Urkullu lehendakariak egin zizkien kritikei erantzuteko.

Koalizio abertzaleak Legebiltzarrean duen jarreraren aurrean "harrituta" azaldu zen lehendakaria, Kongresuan "malgutasuna eta akordioaren alde" azaltzen baita EH Bildu, "baina ez hemen". Eta hori argudiatzeko, honakoa bota zien: "Legegintzaldi honetan 130 aldiz eman duzue botoa Alderdi Popularrarekin batera. Astero egin duzue bat, atzo ere bai. Aukera duzue jarrera hori aldatzeko, betiere Eusko Jaurlaritzaren aurka egitea izan baldin bada jarrera horren arrazoia. Aukera duzue akordioen bideari ekiteko, benetan borondaterik baldin baduzue".

Kritika bera egin zion Elkarrekin Podemosi ere eta PPrekin batera bozkatzeari uzteko eskatu zion alderdi moreari.

"Hemen, zabalik duzue akordiotarako atea, negoziazioaren atea parez pare dago irekita" gaineratu zuen.

EH Bildu

Iker Casanova EH Bilduko parlamentarioak esan du "injustua" dela "Gobernuarekiko blokeo estrategia bat dagoela esatea, EAJk berak duenean akordiotara iristeko arazoa. Akordioak eskatzeko duen moduari buruz hausnartu beharko luke".

Era berean, EAJk "Madrilen zein Euskadin PPrekin gobernatu eta aurrekontuak onartu" dituela gogorarazi dio, "pintza kontserbadorea" osatuz. "Guk argi dugu ez dugula begiratuko norekin bat egiten duen gure botoak, baizik eta zer bozkatze dugun. Ez gara blokeo estrategia batean ari, gure programarekiko konpromisoari eusten baizik" gaineratu du.

Elkarrekin Podemos

Elkarrekin Podemosen izenean, Jon Hernandez parlamentarioak ere argudio bera erabili du: "garrantzitsua ez da norekin bat egiten duzun bozketan, baizik eta zer bozkatu duzun".

Azken hauteskundeen ostean EAJ "erasora" irten dela esan du, eta "bozketetan egon diren kointzidentzia batzuk aprobetxatuz, oposizioak akordio maltzur bat egin duela esaten hasi da. Denetariko kointzidentziak egon dira Legebiltzarreko bozketetan aste honetan. Guk gai zehatzen arabera egiten dugu politika eta koherenteak gara defendatzen dugunarekin". Ildo horretan, "egiten diren politikak ezkerrekoak izan daitezken bozkatzen jarraituko dutela" berretsi du.

EAJ

Josune Gorospe jeltzaleak elkarrizketarako deia egin du: "EAJk beti deitzen du elkarrizketara eta egonkortasunera udaletan, diputazioetan, Eusko Jaurlaritzan eta Madrilen" nabarmendu du.

EH Bildu kritikatu du "koherentzia falta dutelako elkarrizketara deitzen dutenean, gero egiten dutena ikusita".

PSE-EE

Jose Antonio Pastor PSE-EEren bozeramaileak EAJ babestu du eta alderdi honek akordiotara iristeko gaitasuna baduela esan du: "Legegintzaldi honetan akordio asko egin dira bai askoren artekoak bai transbertsalak", eta horregatik uste du "ez dela egia Gobernuak ez duenik borondaterik akordiotara iristeko".

Oposizioak gaitasun gehiago erakutsi du "oztopoak jartzen, proposamenak egiten baino" Pastorren iritziz, "eta horrek aldatu egin behar du jendearen interesetan pentsatzen badugu, eta ez norberaren interes partidistetan" amaitu du.

PP

Azkenik, Anton Damborenea PPko bozeramileak esan du ondo iruditzen zaiola "Gobernua negoziatzeko prest egotea" baina zalantzan jarri du PPrekin akordiorik egin nahi duten. Bere iritziz, soilik "Bildu eta Podemosekin egin nahi ditu akordioak Gobernuak eta ez PPrekin".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi