Politika -
URTEBETE, ETA-REN AMAIERATIK
EH Bilduk eta EH Baik 'aro berriarekiko konpromisoa' berretsi dute gaur, Donostian
ETA desegin zenetik urtebete igaro denean, Arnaldo Otegik eta Anita Lopepek salatu dute "oraindik gai garrantzitsuak daudela konpontzeko", presoena eta iheslari zein deportatuena, adibidez.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EH Bilduk eta EH Baik "aro berriarekiko konpromisoa" berretsi dute larunbat honetan, ETAren amaieraren eta Arnagako adierazpenaren lehen urteurrenean. Hala, "bakearen eta elkarbizitza demokratikoaren eraikuntzarekin" duten konpromisoa argi eta garbi utzi nahi izan dute.
Arnagako adierazpena deitu zitzaion, Kanbon, izen hori zuen jauregian, ETAren amaiera irudikatu zuen goi bileraren ondoren irakurri zen testuari. 2018ko maiatzaren 4an izan zen ekitaldia eta Euskal Herriarentzako "irtenbide global, justu eta iraunkorra" eskatu zuten.
Bezperan, maiatzaren 3an, ETAk amaiera eman zion 60 urteko ibilbideari. Genevako Henri Dunant zentroan egin zuen iragarpen historikoa, grabatutako euskarri baten bidez.
Urtebete beranduago, gaur, Donostiako Miramar Jauregian egin duten ekitaldian, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak eta Anita Lopepe EH Baiko buruak irakurri dute euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez, urteurren hau dela dela kaleratutako hausnarketa.
Tamalez, gai garrantzitsu batzuk "konpondu gabe" jarraitzen dutela esan dute, presoen, iheslarien zein deportatuen gaiak, adibidez, "eurek euren egoerari irtenbidea ematea errazteko pausoak eman dituztenean, gainera".
Aldiz, Espainiako Gobernuak "dispertsioa eta urruntzea mantentzea" erabaki duela salatu dute, "gaixo diren presoen egoera luzatzea, gradu progesioa sistematikoki ukatzea, salbuespenezko legediari eustea eta zigorra bi aldiz ordainaraztea" erabakiz, eta pauso "gutxi eta eskas batzuk bakarrik emanez" egoera bideratzeko.
Otegik eta Lopepek uste dute ez Espainiak ez Frantziak ez dutela egoerak eskatzen duen "jarrera aldaketa" izan eta ez diotela heldu "bakea eraikitzeko duten ardurari, garai bateko jarreretan gotortuz", eta, horregatik, presoen auzia konpontzeko denbora luzea beharko dela iritzi diote.
Bi buruzagi abertzaleek irakurri duten testuan kritikatu egin dituzte halaber, "egiarekin, justiziarekin eta erreparazioarekin konpromisoa hartu beharrean", ETAren amaieraren ostean, "errelatoaren gudan" sartu nahi izan dutenak.
"Gure ekintza politikoak bi helburu ditu: biktima guztien errekonozimendua eta erreparazioa, eta lanean jarraitzea etorkizunean beste inork ez dezan motibazio politikoa duen biolentziarik jasan" irakurri dute.
Alde guztiek oraindik "asko" dutela egiteko esan dute eta berradiskidetzerako esfortzuek "bide onetik jarraitzea" espero dutela gaineratu dute.