Politika -

ETA

Urtebete, ETAren amaieratik

Duela urtebete egin zuen publiko bere azken adierazpena ETAk. Josu Urrutikoetxeak eta Marixol Iparragirrek iragarri zuten ETAren behin betiko amaiera.  

ETAk jarduera armatuaren amaiera iragarri zuen bideotik hartutako irudia.
ETAk jarduera armatuaren amaiera iragarri zuen bideotik hartutako irudia.
ETAk jarduera armatuaren amaiera iragarri zuen bideotik hartutako irudia.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur urtebete, 2018ko maiatzaren 3an, iragarri zuen ETAk bere behin betiko amaiera, aldebakarrez egindako prozesu luze eta zail baten ondotik. 2011ko urriaren 20an eman zuen jarduera armatua amaitutzat eta 2017ko apirilaren 8an gauzatu zuen armagabetzea.

Tartean, gorabehera ugari izan ziren, besteak bestek, Euskal Herriko gatazka konpontzeko ahaleginean ari ziren nazioarteko bitartekariak edota ETAren armagabetzean lagundu nahi zuten ekintzaileak atxilotu zituztelako.

Edonola ere, ETAren amaiera iritsi zen. Genevako Henri Dunant zentroan egin zuen iragarpen historikoa, grabatutako euskarri baten bidez.

Josu Urrutikoetxea eta Marixol Iparragirre militante historikoek jarri zioten ahotsa ETAren azken adierazpenari.

Egitura guztiak desegin zituela, ekinbide politikoa amaitutzat ematen zuela eta etorkizunean ez zela eragile izango jakinarazi zuen azken agirian. Ildo horretan, ETAko militante izandakoek beste eremu batzuetan, "norberak egoki irizten dion tokian", "Euskal Herri bateratu, independente, sozialista, euskaldun eta ez patriarkalaren aldeko borrokari" jarraituko ziotela zehaztu zuen.

Halaber, jaio zen testuingurua ere ekarri zuen gogora azken komunikatuan: "Frankismoaren atzaparretan itota eta Estatu jakobinoak asimilatuta, Euskal Herria hilzorian zegoela jaio zen ETA, eta orain, 60 urte geroago, bere buruaren jabe izan nahi duen herri bat bizi da, eremu eta arlo ezberdinetan askok egindako lanari esker, belaunaldi ezberdinek egindako borrokari esker".

"ETAk ziklo bat itxi nahi du, biolentzia politikoaren erabilerak ezaugarritu duen aroa, hain zuzen ere, (...) askatasunaren eta bakearen aldeko prozesuak beste bide batetik egin dezan aurrera", ziurtatu zuen. Are gehiago, "nazio aitorpena lortzeko erabakitzeko eskubidearen egikaritzea izango da gakoa", erantsi zuen.

"Aurrera begira indar metaketa, herri aktibazioa eta ezberdinen arteko akordioak ardatz izango dituen herri prozesu bat eraikitzea izango da aurrerantzean erronka nagusia, bai gatazkaren ondorioei aurre egiteko bai gatazkaren muin politikoari eta historikoari heltzeko orduan", azaldu zuen azken agirian.

Egun hartan, ekitaldia egin zuten Henri Dunant zentroan, ETAk bere ibilbidea betirako bukatu zuela baieztatzeko.

"Gaur, maiatzaren 3ko arratsaldeko 14:00etan, ETAk existitzeari utzi diola esateko moduan nago. Eta hala jakinarazi diegu ofizialki Espainiako eta Frantziako gobernuei", adierazi zuen David Harland aipatu zentroko zuzendariak.

ETAren hausnarketa prozesua "ia 3.000 militantek" hartu zuten parte, "erdiek soilik bozkatu ahal izan zuten arren".

Harlanden hitzetan, militanteen "% 93k babestu zuten ETAren jarduera politikoa amaitzea".

BIDEOA | ETAren azken adierazpena:

ETAren azken agiria
ETAren azken agiria
ETAren azken agiria

BIDEOA: Arnagako Adierazpena osorik
BIDEOA: Arnagako Adierazpena osorik
BIDEOA: Arnagako Adierazpena osorik

Biharamunean, ETAren amaiera irudikatzeko, nazioarteko bake topaketa antolatu zuten Harremanetarako Nazioarteko Taldeak, Foro Sozialak eta Bake Bidea elkarteak Kanboko Arnaga Jauregian.

Alderdi politikoetako, sindikatuetako eta eragile sozialetako ordezkariak izan ziren bertan, baita nazioarteko pertsona ezagunak ere, besteak beste, Jonathan Powell, Tony Blair lehen ministro ohiaren aholkularia zena; Gerry Adams Sinn Feineko presidente ohia, Berthie Ahern, Irlandako lehen ministro ohia; Cuauhtemoc Cardenas, Mexikoko PDR alderdiaren sortzaile eta hiru aldiz presidentegaia; Michel Cambessus, Nazioarteko Diru Funtseko zuzendari ohia, Brian Currin, Hegoafrikako abokatu eta Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kidea; Raymond Kendall, Europoleko zuzendari ohi eta Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kidea; eta Alberto Spektorowski Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kidea.

Bake topaketari amaiera emateko, Arnagako Adierazpena publiko egin zuten. Irati Agorria Cuevas gazte gernikarrak irakurri du euskaraz agiria. Michel Camdessus FMIko zuzendari ohiak irakurri du frantsesez; Jonathan Powell politikari irlandarrak ingelesez; eta Cuauhtemoc Cardenasek gaztelaniaz.

Europako azken gatazka politiko armatua amaitzeko bidean, ETAk eman beharreko erantzuna eman zuela nabarmendu zuten. Halaber, euskal gizarteak eta euskal erakundeen urte horietan egindako lana azpimarratu zuten.

Hala ere, bake prozesua azkeneraino eramateko oraindik zer egin bazegoela ohartarazi zuten. Ildo horretan, presoen eta iheslarien auzia konpontzea eta adiskidetze prozesuari ekitea, "zauriak sakonak baitira".

"Gaurkoa egun ona da Euskal Herriarentzat, Espainiarentzat, Frantziarentzat eta Europa osoarentzat" esanez amaitu du Irati Arrigorriaga gernikarrak oharraren irakurketa: "Ziur gaude guztion ahaleginarekin konponbide oso, justu eta iraunkorra lortuko dela".

BIDEOA | Arnagako Adierazpena oso-osorik:

BIDEOA: Arnagako Adierazpena osorik
BIDEOA: Arnagako Adierazpena osorik
BIDEOA: Arnagako Adierazpena osorik

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika ETA Albisteak Gaur Albisteak Adiskidetzea Euskadin