Politika -
NAFARROA
Laukoaren formula errepikatzearen alde agertu da Barkos, 'zalantzarik gabe'
Geroa Baiko hautagaia 'pozik' agertu da bukatzear den legealdian egindako lanarekin, eta aldaketaren gobernua 'sendotzen' jarraitzeko prest agertu da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Azken lau urteotan egindako lanarekin "gustura" eta ereindako "bidea sakontzen" jarraitzeko prest agertu da Uxue Barkos Nafarroako presidente eta Geroa Bairen hautagaia. Foru Erkidegoa maila politikoan eta ekonomikoan duela lau urte baino "hobeto" eta etorkizunerako "prestatuago" dagoela esan du, aurreko legealdietako "ezegonkortasuna" atzean uztea lortu dutela nabarmenduz.
Maiatzaren 26ko udal eta foru hauteskundeen ostean laukoaren formula errepikatzearen alde agertu da Barkos, "zalantzarik gabe".
Azken lau urteotako balantzea egin du Barkosek gaur hedabideen aurrean, Iruñean. Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu e Izquierda-Ezkerra taldeek adostutako akordio programatikoaren balioa azpimarratu du, eta elkarlanean jarraitzeko borondate irmoa agertu du. "Bi eredu daude Nafarroan: 40 urtez izandakoa, eta azken lau urteotan eraikitzen hasi garena. Maiatzaren 26an ikusiko dugu zer dioten nafarrek, eta zer gehiengo osatzen den", esan du.
Laukoa osatzen duten alderdiek gehiengoa osatzea lortuko ez balute beste alderdiren batekin akordioa bilatzeko prest legokeen galdetuta, Barkosek erantzun du ez litzatekeela "zentzuzkoa" izango gobernu aurrerakoia osatzeko helburua baztertzea. Horregatik, batera edo bestera, "gehiengo progresistak batzen lanean jarraituko dugu", adierazi du.
Bestalde, maila ekonomikoan bere exekutiboak egindako lana ere azpimarratu du Barkosek. Langabeziaren jaitsiera, barne produktu gordinaren igoera eta Estatuarekin adostutako Itun Ekonomiko berria jarri ditu adibidetzat, besteak beste.
Alor sozialean, berriz, herritarren eskura jarri diren laguntzak eta indarkeria matxistari aurre egiteko hartutako erabakiak nabarmendu ditu.