Politika -

Maiatzeko hauteskundeak

Bildu: 'Proba bakar bat ere ez dute aurkituko zerrendak inpugnatzeko'

Aberri Egunari begira, Independentistak sareak deitutako ospakizunekin bat egingo du Bildu koalizioak. Gernikan eta Baigorrin ospatuko dute Aberri Eguna.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bildu koalizioaren zerrendak inpugnatzeko "proba bakar bat ere ez" dutela aurkituko azpimarratu du gaur Pello Urizar Eusko Alkartasuneko idazkari nagusiak. Inpugnatzeko "mila arrazoi" argudiatu ditzaketela gaineratu du, baina "probarik" ez dutela izango berretsi du.

Gaur, EAk, Alternatibak eta independente abertzale batzuek osatutako koalizioak 300 bat zerrenda inguru aurkeztuko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Udal eta Foru hauteskundeetan parte hartzeko, eta beste 50 bat Nafarroarako. Zerrenda guztiek "legea beteko dute", horien esanetan.

Aberri Egunaren ospakizunari begira egindako agerraldian, Urizarrek Bilduren zerrenden inguruko "presioa" salatu du.

Urizarren hitzetan, Espainiako Gobernuak Bilduren zerrendak inpugnatzeko izan dezakeen "arrazoi bakarra" beldurra da, "arrazoi politikoek eragindako beldurra".

Horren arabera, Bilduren zerrendak osatuko dituzten hautagaiek "bide baketsuen aldeko konpromiso argia" hartu dute, baita "indarkeriaren aurkakoa" ere.

Koalizioa osatzen dutenek (EAk, Alternatibak eta abertzale independente batzuek) legea "zorrotz" betetzeko asmoa dutela berretsi du EAko buruak.

Aberri Egunari begira, Independentista sareak antolatutako ekimenekin bat egin du gaur Bilduk. Gernikan eta Baigorrin ospatuko dute, beraz, aurtengo Aberri Eguna, hilaren 24an.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea