Politika -

Gorteen osaketa

Meritxell Batet eta Manuel Cruz, Kongresurako eta Senaturako presidentegai

Halaber, Unidas Podemosek bi eserleku izango ditu Diputatuen Kongresuko Mahaian, sozialistekin akordioa itxi ostean. Aurreikusi bezala, alderdi independentistak eta VOX kanpoan utzi dituzte.

Batet eta Cruz, EFEren artxiboko argazki batean.
Meritxell Batet eta Manuel Cruz.
Batet eta Cruz, EFEren artxiboko argazki batean.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez PSOEko buruzagi eta Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak Meritxell Batet eta Manuel Cruz proposatu ditu, hurrenez hurren, Diputatuen Kongresuko eta Senatuko presidente izateko. Batet eta Cruz PSCko kideak dira.

Sozialisten batzorde exekutiboa 12:30ean bilduko da proposamenok onartzeko. Horrez gain, PSOEko talde parlamentarioen zuzendariak eta bozeramaileak aukeratuko dituzte.

Kongresua eta Senatua maiatzaren 21ean osatuko dira.

Miquel Iceta proposatu zuen Sanchezek Senatua zuzentzeko, baina PSCko burua hauteskunde orokorretako zerrendan ez zegoenez, Kataluniako Parlamentuak izendatu behar zuen aurrena. Hain justu, izendapen hori baztertu zuten atzo ERC, JxCAT eta CUP alderdiek.

Icetak errekurtsoa jarri zuen Auzitegi Konstituzionalean beto horren kontra. Dena dela, Auzitegiak ez du helegitea maiatzaren 21a baino lehen aztertuko. Hala, behin-behinean bada ere, Cruz proposatu du Sanchezek.

Zuzenbidean lizentziaduna, Higiezin eta Hirigintza Zuzenbidean Graduondokoa ere badu Meritxell Batetek. 2004tik da diputatua, eta gaur egun Lurralde Politika eta Funtzio Publikorako ministroa da, jardunean.

Manuel Cruz Filosofia Garaikidean katedraduna da. 2016an, Mariano Rajoyren inbestiduraren aurka bozkatu zuten 15 diputatu sozialistetako bat izan zen.

Akordioa PSOE eta Unidas Podemosen artean

Halaber, Diputatuen Kongresuko Mahaia osatzeko akordioa lortu dute PSOEk eta Unidas Podemosek. Hori dela eta, sozialistek hiru eserleku izango dituzte Mahaian (presidentea, presidenteorde bat eta idazkari bat) eta Unidas Podemosek, berriz, bi kide (presidenteorde bat eta idazkari bat).

Adriana Lastrak (PSOE) eta Irene Monterok (Unidas Podemos) eman dute akordioaren berri ostiral honetan. Era berean, PPk eta Ciudadanosek bina ordezkari izango dituztela jakinarazi dute. Aurreikusi bezala, alderdi independentistak eta VOX kanpoan utzi dituzte.

Bestalde, Senatuko Mahaian gehiengo absolutua izateari uko egin dio PSOEk – bost kide zegozkion eta bi PPri-, izan ere, EAJri ordezkari bat eman dio, eta beste bat PPri. Horrela, PSOEk hiru kide izango lituzke, PPk beste hiru eta EAJk bakarra.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Katalunia Politika PSOE Hauteskunde orokorrak Espainia bideoak Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak Hauteskunde Orokorrak Emaitzak Senatua gaur