Politika -
Gipuzkoako Auzitegia
Eneko Goiak lekuko gisa deklaratu beharko du Bidegi auzian
Era berean, Felix Urkola (EAJ) Lazkaoko jarduneko alkatea eta Luis Maria Apraiz errepideetako zuzendari ohia deitu ditu auzitegiak, baita IDOM ingeniaritzako teknikari bat ere.
Agentzia | Erredakzioa
Eneko Goia (EAJ), Donostiako jarduneko alkatea, lekuko gisa deklaratzera deituko du Azpeitiko Instrukzio-epaitegiak Bidegi auzian. Bestalde, herri-akzioak Markel Olano ahaldun nagusia deitzea eskatu zuen, baina azkenean ez da joango.
Herri-akzioaren (Inko Iriarte, Judit Garcia, Iban Asenjo eta Jon Albizu EH Bilduko batzarkide ohiak) helegitea partzialki onartu du Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak. 2019ko otsailean lekuko batzuen deklarazioa, besteak beste, Olanorena eta Goiarena, baztertu zuen Azpeitiko epaitegiak. Herri-akzioak erabaki horren aurkako errekurtsoa aurkeztu zuen.
Biak ere 2015eko ekainean deitu zituzten, baina azkenean ez zuten deklaratu. Bitartean, ikerketa luzatu egin zen adituen txostenen eta proposatutako izapideen konplexutasunagatik. Horrek instrukzioa gehienez 5 urte luzatzera behartu zuen epaitegia 2017ko ekainean.
Goia, Felix Urkola (EAJ) Lazkaoko jarduneko alkatea (Aldundiko Kudeaketa eta Plangintza zuzendari ohia) eta Luis Maria Apraiz errepideetako zuzendari ohia lekuko gisa deklaratzera deitzea erabaki du Lurralde Auzitegiak, baita IDOM ingeniaritzako teknikari bat ere.
Bidegi auziaren ikerketa 2014ko azaroan hasi zen. AP-1 autobidearen eraikuntzan diru publikoak bidegabe erabiltzea eta agiriak faltsutzeagatik kereila aurkeztu zuen Gipuzkoako Aldundiak, orduan EH Bilduren gobernupean.
AP-1 autobidearen (Eskoriatza Iparraldea-Arrasate Iparraldea) tarte batean lur mugimendu, indusketa eta soberakinekin zerikusia du aurreneko kereilak. 13,6 milioi euroko ustezko iruzurra zenbatu zuen akusazioak. Ondoren kereila zabalagoa planteatu zuten, Apotzaga, Izurieta eta Gurutze Txikiko tunelen lanetan ustez izandako irregulartasunengatik.
Beranduago, Aldundiak bigarren kereila bat aurkeztu zuen ustez diru publikoak bidegabe erabiltzeagatik, 17,1 milioi euro, hain zuzen ere. Era berean, Isuskitzako tunelen lanak ordaintzeko orduan agiriak faltsutzea egotzi zuen.
Goiak bigarren kereila honekin lotuta deklaratu beharko du; izan ere, 2011ko urtarrilaren 24an Kontseilu Mistoaren (Gipuzkoako eta Arabako aldundiak osatuta) bilera zuzendu zuen. Arabaten (autobideak kudeatzen dituen elkarte publikoa) ekarpena onartu zuten bileran; izan ere, AP-1eko Eskoriatza-Arlaban tartearen 1.300 metro Arabako lurraldean daude.
Azpeitiko epaitegiaren irizpidearen aurka, Goia, Apraiz eta Urkolaren azalpenak garrantzitsuak direla ebatzi du Auzitegiak idatzian (ekainak 6).