Politika -

Ganberaren osaketa Nafarroan

Unai Hualde (Geroa Bai) aukeratu dute Nafarroako Parlamentuko presidente

Bigarren bozketan hautatu dute, Geroa Baik eta PSNk azken orduan lortutako akordioari esker. Azkenean, EH Bilduk Idazkaritza bat lortu du Mahaian.

Chivite Hualde zoriontzen. Argazkia: EFE
Chivite eta Hualde.
Unai Hualdek lortu du Nafarroako Parlamentuko presidentetza

2:39

Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Unai Hualde Geroa Baiko parlamentaria aukeratu dute, bigarren bozketan, Nafarroako Parlamentuko presidente, Uxue Barkos buru duen koalizioak eta sozialistek azken orduan lortutako akordio bati esker. Izan ere, koalizioaren, Podemos-Ahal Duguren, EH Bilduren eta Izquierda-Ezkerraren botoak ez ezik, PSNrenak ere jaso ditu Hualdek.

Negoziazioa izan da lege azken orduetan Geroa Bairen eta PSNren artean. Bilkura hasi baino lehen, akordiorik gabe amaitu dira harremanak, eta, hala, ganberako Presidentetzarako hiru hautagai aurkeztu dira: Iñaki Iriarte (Navarra Suma), Inmaculada Jurio (PSN) eta Unai Hualde (Geroa Bai).

Lehen bozketan ezein hautagaik ez du lortu beharrezkoa zuen gehiengo osoa, eta bigarren bozketa egin aurretik, etena eskatu du Geroa Baik, PSNrekin berriro biltzeko. Hasiera batean, Hualde bera Maria Chivite PSNko idazkari nagusiarekin eta Ramon Alzorriz sozialisten Antolaketa buruarekin batzartu da. Gerora, Koldo Martinez Geroa Baiko parlamentaria batu zaie, eta azkenik, parlamentari sozialistak.

Elkarrizketak bukatuta, sozialistak bakarrik geratu dira erabakia hartzeko. Handik denbora batera, Unai Hualde eta Manu Ayerdi Gobernuko jarduneko presidenteordea sartu dira. Horrez gain, PSNko eta Geroa Baiko kideek Parlamentuko abokatuekin hitz egin dute.

Kazetariak, Chivite eta Alzorriz inguratzen.

Kazetariak, Chivite eta Alzorriz inguratzen, bileraren ostean. Argazkia: EFE

Azken orduko ituna

Ordu erdiz egon dira bilduta bi aldeak, kazetarien ikusmin handiaren artean.

Bigarren bozketan (gehiengo soilarekin nahikoa zen), gehiengo osoa lortu du Geroa Baiko hautagaiak: 30 boto. Navarra Sumako Iriartek 20 jaso ditu (UPN, Ciudadanos eta PPN alderdiek osatutako koalizioaren parlamentariena).

Horrela, lehen bozketan lortu ez duen babesa eskuratu du Hualdek bigarrenean.

Hualde, presidente aukeratu berritan.

Hualde, presidente aukeratu berritan. Argazkia: EFE

Ondoren, Mahaiko bi presidenteordeak eta bi idazkariak aukeratu dituzte. Inmaculada Jurio (PSN) izendatu dute presidenteorde lehena, PSNren, Geroa Bairen, Ahal Duguren eta Ezkerraren babesarekin. Yolanda Ibañez Navarra Sumako parlamentaria aukeratu dute bigarren presidenteorde (EH Bilduk boto zuria eman du).

Idazkarien aukeraketan zegoen interes handiena, EH Bildu Mahaian sartzen ote zen argitzeko, hori izan baita akordiorako oztopo nagusia. Luis Sanchez Muniain Navarra Sumako kidea aukeratu dute lehen idazkari (20 boto), eta Maiorga Ramirez koalizio abertzaleko kidea bigarren (17 boto, EH Bildurenak, Geroa Bairenak eta Ezkerrarenak; Ahal Duguk boto zuria eman du).

Erreakzio oldea eragin du Hualderen izendapenak

Erreakzio uholdea eragin du Unai Hualderen aukeraketak
Erreakzio uholdea eragin du Unai Hualderen aukeraketak
Erreakzio uholdea eragin du Unai Hualderen aukeraketak

1:52

Hualde: "Nafarroaren garapena eta aniztasuna defendatuko dut"

Mahaia aukeratuta, bakoitzak bere tokia hartu du eta Unai Hualdek bere esker "zintzo eta sakona" agertu die bere alde egin duten parlamentari guztiei.

Hualderen esanetan, "lurralde honentzat aurrerapen sozial sakonak lortu ditugu aurreko legegintzaldian, orain Parlamentuko Presidentetzatik garapen hori bultzatzen jarraituko dut".

Nabarmendu duenez, "uste sendo baina malgukoa naiz, zuhurra, eta elkarrizketarako eta akordioak lortzeko prest egoten naiz". Kargua "gogo handiz" hartuta, Nafarroaren "garapena eta aniztasuna" defendatuko dituela erantsi du. "Espero dut zuon konfiantza ez haustea", adierazi du.

Hitzok esanda, amaitutzat eman du saioa Hualdek.

Aurrez, hainbat bilera antzu

Behin betiko akordioa erdietsi aurretik hainbat bilera egin dituzte bi aldeek, azkena bilkura hasi aurretik. Horretatik ateratzean, "hautsitzat" eman dituzte negoziazioak PSNk eta Geroa Baik.

Biek ala biek elkarri leporatu diote negoziazioak haustearen ardura. Bileraren ondotik kazetariei egindako adierazpenetan Unai Hualdek (Geroa Bai) azaldu duenez, "Mahaiaren gutxienez bi posturako akordioa bilatzen genuen, eta ez dugu ulertu zergatik ez dugun lortu".

"Gobernagarritasuna nahi dugu, baina baita egonkortasuna ere. Parlamentuko Mahaiak Ganberaren irudia islatu behar du. Gogoeta hori ez da partekatua izan, eta nor bere aldetik ari da", kritikatu du.

Unai Hualde: 'Mahaiak Parlamentuaren gehiengoa ordezkatu behar du'
Unai Hualde: 'Mahaiak Parlamentuaren gehiengoa ordezkatu behar du'
Unai Hualde: 'Mahaiak Parlamentuaren gehiengoa ordezkatu behar du'

1:17

Bestalde, Ramon Alzorriz PSNko Antolaketa idazkariaren esanetan, Geroa Baik "akordiorako aukera oro blokeatu du, eta jarrera horrek ez du laguntzen gobernua osatzeko elkarrizketetan".

Alzorrizen ustez, "negoziazioetan amore emateko prest egon behar dira aldeak. Hausturaren erantzule argi bat dago: Geroa Bai".

PSNk Geroa Bai egin du negoziazioen hausturaren erantzule
PSNk Geroa Bai egin du negoziazioen hausturaren erantzule
PSNk Geroa Bai egin du negoziazioen hausturaren erantzule

2:03
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSN Geroa Bai Nafarroa EH Bildu Izquierda-Ezkerra Nafarroako Hauteskundeak Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Nafarroako Parlamentua Podemos Ahal Dugu Nafarroa Hauteskundeak Nafarroako udal eta foru hauteskundeak Navarra Suma