Politika -

Bizkaiko Batzar Nagusiak

Rementeria aukeratu dute berriro Bizkaiko ahaldun nagusi

Gernikako Arbolaren azpian egin du karguaren zina Unai Rementeriak. EAJk eta PSE-EEk koalizioan gobernatuko dute legealdi berrian Bizkaian.

Unai Rementeriak Bizkaiko ahaldun nagusi kargua hartu duen unea. Argazkia: EFE
Unai Rementeriak Bizkaiko ahaldun nagusi kargua hartu duen unea.
Unai Rementeria aukeratu dute berriro Bizkaiko ahaldun nagusi

3:59

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Unai Rementeria aukeratu dute Bizkaiko ahaldun nagusi, EAJ eta PSE-EEren botoekin, Bizkaiko Batzar Nagusietan. Jeltzaleek eta sozialistek koalizio gobernua osatuko dute beste lau urtez Bizkaian.

Ahaldun nagusia izendatzeko bozketa arratsaldean egin dute. EAJk eta PSE-EEk gehiengo zabala dute Batzar Nagusietan: jeltzaleek 25 batzarkide dituzte eta sozialistek 8. Rementeriak 32 boto eskuratu ditu -ordezkari batek ez du bozketan parte hartu-.

Bea Ilardia EH Bilduko hautagaiak koalizio soberanistako 10 batzarkideen babesa jaso du; Eneritz Madariagak, berriz, Elkarrekin Podemoseko sei ordezkarien botoak eskuratu ditu.

Alderdi Popularreko bi batzarkideek boto zuria eman dute.

Bizkaiko ahaldun nagusi izendatuta, Rementeriak Gernikako Arbolaren azpian egin du karguaren zina.

Batzar Nagusietan egin duen agerraldian, Rementeriak azpimarratu du EAJk eta PSE-EEk osatzen duten koalizioa dela "Bizkaian izan dezakeen proiekturik onena, inork ez baitauka gure baino eskaintza hoberik".

Gobernu "sendoa eta egonkorra" osatuko dutela agindu du eta hauteskundeen ostean aukera hori "indartuta" atera dela nabarmendu du.

Gobernu programa ere izan du hizpide. Lehentasun estrategikoak hamar izango direla esan du, tartean enplegua sortzea eta fiskalitateari dagokionez Bizkaia lehiakorra izatea Estatuan.

Oposizioko taldeen kasuan, Bea Ilardiak (EH Bildu) nahiz Eneritz Madariagak (Elkarrekin Podemos) zergak erreformatzea aldarrikatu dute, zerga sistema justuagoa eta aurrerakoia izan dadin. Amaya Fernandezek (PP), berriz, pertsona fisikoen gaineko errenta jaistea proposatu du.

Gobernu berriaren osaketa

Ahaldun nagusi izendatuta, Rementeriak Foru Gobernuaren osaketaren berri eman du. Parekidea, indartsua eta esperientziaduna izango dela nabarmendu du.

EAJk zazpi departamentu zuzenduko ditu, eta PSE-EEk bi. Aurpegi berriak Sergio Murillo eta Ainara Basurko izango dira, biak EAJkoak. Murillok Ekintza Sozialerako departamentua gidatuko du; eta Basurkok, Sustapen Ekonomikoa.

Imanol Pradelesek Azpiegitura eta Lurralde Garapena zuzenduko du legealdi berrian, eta gainerako departamentuetan ez da aldaketarik izango: Ibone Bengoetxea (Administrazio Publikoa eta Harreman Instituzionala), Jose Maria Iruarrizaga (Ogasuna eta Finantzak), Lorea Bilbao (Euskara eta Kultura) eta Elena Unzueta (Jasangarritasuna eta Ingurumena) izango dira gobernukideak.

PSE-EEren kasuan, Teresa Laespadak eta Miguel Gomez Viarrek Enplegua, Inklusio Soziala eta Berdintasuna eta Garraioa eta Mugikortasun Jasangarria departamentuak zuzentzen jarraituko dute, hurrenez hurren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Bizkaia PSE-EE Unai Rementeria Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak Udal eta foru hauteskundeak 2023 EAEko eta Nafarroako Udal eta Foru Hauteskundeak emaitzak Bizkaiko Foru Aldundia albisteak