Politika -
M26 HAUTESKUNDEAK
Samaniegoko alkatetza EH Bilduri eman zion bozketa baliogabetu nahi du EAJk
Jeltzaleek helegitea jarri dute EAEko Auzitegi Nagusian EH Bilduko Pili Garmendiaren hautaketa inpugnatzeko, botoetako batean siglak agertzen zirelako bere izenaren ordez.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EAJk errekurtsoa aurkeztu du Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko gatazka administratiboetarako Salan, ekainaren 15ean Samaniegoko alkatetza EH Bilduri eman zion bozketa baliogabetzeko.
Larunbat hartan, EH Bilduko Pili Garmendia hautatu zuten alkate, ezustean.
EAJk 3 zinegotzi zituen, EH Bilduk beste 3 eta PSEk 1. EAJk eta PSE-EEk egindako akordio dela eta, EAJko hautagaiak lau boto espero zituen, baina Eduardo Pascual zinegotzi sozialistak EH Bilduko hautagaiaren alde bozkatu zuen. PSE-EEk ezin du Pascualen kontrako neurririk hartu ez baita alderdiko militantea, baina zinegotzi akta entregatzeko eskatu dio.
EAJtik azaldu dutenez, bozketak nominatiboak izan behar dira, izena idatzi behar da, eta bozketa hartan EH Bildu siglak zeramatzan boto bat izan zen.
Zonaldeko Hauteskunde Batzordean aurkeztu behar omen da helegitea berez, baina jada indarrean ez dagoenez, azaldu dute horregatik jo dutela EAEko Auzitegi Nagusira.