Politika -

Tortura

Torturaren biktimak ofizialki aitortzeko eskatu du Egiari Zor Fundazioak

Legebiltzarra torturaren biktimak babesteko prest agertu izana berri ona dela esan du, baina ikertzen jarraitzea eta horrelakorik berriro ez gertatzeko neurriak hartzea ezinbestekotzat jo du.

Ixone Fernandez eta Karmele Urbistondo Egiari Zor Fundazioko ordezkariak. Argazkia: Egiari Zor
Ixone Fernandez eta Karmele Urbistondo Egiari Zor Fundazioko ordezkariak.
Ixone Fernandez eta Karmele Urbistondo Egiari Zor Fundazioko ordezkariak. Argazkia: Egiari Zor

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joan den astean, Eusko Legebiltzarrak aho batez erabaki zuen Nazio Batuen Erakundearekin bat egitea eta datorren urtetik aurrera ekainaren 26a Torturaren Biktimei Laguntzeko Nazioarteko Eguntzat jotzea.

Gaur, Egiari Zor Fundazioak esan du begi onez hartu duela berria, baina "ekintza sinbolikoetatik harago" joatea eskatu du eta ezinbestekotzat jo du ikertzen jarraitzea eta berriro tortura kasurik izango ez dela bermatzeko neurri zehatzak hartzea.

Torturaren Biktimei Laguntzeko Nazioarteko Eguna dela eta, Ixone Fernandez eta Karmele Urbistondo Egiari Zor Fundazioko bozeramaileek agerraldia egin dute.

"Legebiltzarrak hartutako erabakia oso albiste ona da, torturak eragin duen mina Euskal Herrian bizi izan diren gainerako sufrimenduen mapan jartzea ahalbidetuko duelako, baina erakundeek ekintza sinbolikoetatik harago joateko ardura daukate", adierazi dute.

"Egun, torturaren biktimek ez dute aitortzarik eta torturatzaileek zigorrik gabe jarraitzen dute", salatu dute. Halaber, Kriminologia Euskal Institutuak 2017ko abenduan publiko egin zuen txostenak "tortura praktika sistematikoa" izan dela frogatu zuela gogora ekarri dute. "Euskal Autonomia Erkidegoan soilik 4.113 pertsona torturatu zituztela baieztatu dute", erantsi dute.

Bestalde, alderdi politiko batzuen jarrera kritikatu dute, "errealitate hori ukatzen edo tortura Euskal Herrian gertatu ez balitz bezala aritu direlako".

Alderdi Popularrak eta Alderdi Sozialistak torturaren auzian duten ardura politikoa bere gain hartu behar dutela esan dute, agintean egon ziren bitartean milaka herritar torturatu zituztelako. EAJri ere zuzendu zaio: "Ertzaintzak torturatutako 300 bat kasu daudelako".

Era berean, gogora ekarri dute 14 pertsona atxilotuta egon ziren bitartean hil zirela eta kasu horiek guztiak ikertzeko eta argitzeko eskatu dute.

Hortaz, torturak kasuak ikertzen jarraitzeko, ardura politikoak argitzeko eta berriro ez gertatzeko neurri zehatzak hartzeko galdegin dute.

Amaitzeko, Euskal Herrian torturak jasan dituzten pertsona guztiei Egiari Zor Fundazioak laguntza eskaini die, biktimatzat aitortuak izateko administrazioan egin behar diren tramiteak gauzatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eguneko albisteak Albisteak Bakea Euskadin Polizia abusuen biktimak