Politika -

BATZAR NAGUSIAK

Ramiro Gonzalezek susperraldi ekonomikoa mantentzearen alde egin du

Arabako ahaldun nagusi izendatuko dute berriro, EAJren eta PSE-EEren babesarekin. Koalizio gobernua osatuko dute, baina, gaur-gaurkoz, ez dute zehaztu alderdi bakoitzak zenbat sail zuzenduko dituen.

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia 2015eko inbestidura saioan. Argazkia: Agentziak
Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia 2015eko inbestidura saioan
Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia 2015eko inbestidura saioan. Argazkia: Agentziak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusi izateko hautagaiak bere esanetan aurreko legegintzaldian abiatutako susperraldi ekonomikoa mantentzearen alde egin du, Araba "lehiakortasunean" buru eta Europan erreferente izango den lurralde bihurtzeko.

EAJren hautagaiak hurrengo legegintzaldirako erronkak finkatu ditu: hazkunde ekonomikoa, kalitatezko lana, gizarte kohesioa eta lurralde oreka.

Hautagai gisa egindako hitzaldian, ekonomia eta gizarte nabarmendu ditu. Garapena, hazkunde ekonomikoa eta kalitatezko enplegua aipatu ditu, gizarte kohesioa helburu. Gizarte politikak aldarrikatu ditu, zahartzean azpimarra eginez, eta lurraldeen arteko oreka gauzatu ahal izateko zerbitzuak berdintzearen eta ekonomia dibertsifikatzearen alde egin du. Fiskalitateari dagokionez, Ekarpenen Legearen erreforma aipatu du lehentasun gisa, eta hobekuntzak iragarri ditu fiskalitate "justuago eta progresiboagoa" izateko.

EAJk eta PSE-EEk osatutako koalizioko gobernuak gehiengo absolutua izateak "indarra" ematen diola ziurtatu du Ramiro Gonzalezek inbestidurako hitzaldian. Gonzalezen esanetan, bi alderdietako boto-emaileek EAJ eta PSE-EE koalizio gobernuak lau urtean egindako lana babestu dute 2019ko foru hauteskundeetan.

Dena dela, datozen lau urteetan ere gainerako alderdiekin "akordio zabalak" lortzeko borondatea izaten jarraituko duela gaineratu du.

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusi izendatuko dute berriro, EAJren eta PSE-EEren babesarekin. Jeltzaleek eta sozialistek gehiengo absolutua dute Batzar Nagusietan (51 batzarkideetatik 27).

Jeltzaleek eta sozialistek Gobernua osatzeko akordioa negoziatzen jarraitzen dute, baina, azken xehetasunen faltan, akordioa egintzat ematen da. Ezustekorik ez badago, beraz, azken lau urteetako koalizioko gobernua errepikatuko dute.

Oraindik ez dute zehaztu alderdi bakoitzak zenbat sail zuzenduko dituen. Aurreko legegintzaldian, jeltzaleek zazpi ordezkari izan zituzten foru gobernuan, eta sozialistek, ostera, bi.

Iragan legegintzaldian ez bezala, EAJk (17 batzarkide) eta PSE-EEk (10 batzarkide) gehiengo absolutua dute Batzar Nagusietan. Ondorioz, egonkortasuna bermatuta dute datozen lau urteetan.

Ramiro Gonzalezen aukeraketa bermatuta dago, baina EH Bilduk ahaldun nagusirako bere hautagaia aurkeztu du: Kike Fernandez de Pinedo. Hautagaiak bere hitzaldia baliatu du bere alderdiak ordezkatzen duen "gobernu-alternatiba" ikusarazteko.

Osoko bilkura 10:00etan hasi da, eta bozketa 17:30ean egingo dute, aurreikuspenen arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Araba Araba PSE-EE berriak Ramiro Gonzalez EH Bildu Araba Eguneko albisteak Albisteak Arabako Foru Aldundia azken ordukoa