Politika -
Memoria historikoa
78ko Sanferminetako 'polizia eraso basatiaren' biktimei omenaldia egin diete Iruñean
"Gertakarien inpunitatea" berriro salatu dute ehunka pertsonak.
Agentziak | Erredakzioa
German Rodriguez, Joseba Barandiaran eta 1978ko Sanferminetan "polizia eraso basatiaren" biktimak izan ziren guztiak omentzeko elkarretaratzea egin dute ehunka pertsonak astelehen honetan. Era berean, "gertakarien inpunitatea" berriro salatu dute.
Sanferminak 78 gogoan elkarteak eta Iruñeko Peñen Federazioak antolatu dute ekitaldia. Omenaldia 13:00ak aldera hasi da Germanen oroitarriaren aurrean, Orreaga kalean.
Omenaldia ordu erdi geroago bukatu da. Aurreskua, lore eskaintza, bertsoak eta musika izan dira protagonistak.
Ehunka pertsonaren aurrean agiri bat irakurri du Koldobi Osta federazioko kideak. Azken urtean egindako lana azpimarratu du Ostak.
"78ko Sanferminetan gertatutakoaren agintari militarren eta poliziaren zein Barne Ministerioko dokumentazioaren zati bat" aztertu ahal izan dute, nabarmendu duenez.
"Justizia auzitegiek behar bezalako oinarririk gabe itxi zuten bidea berriz zabaltzen" salatu direla erantsi du, 2019ko urtarrilean aurkeztutako kereilaren bidez. Gainera, mugimenduko kideak Buenos Airesen izan ziren ekainaren 6an eta 7an, epailearen aurrean lekukotza emateko.
German Rodriguez, Joseba Barandiaran eta 1978ko Sanferminetan "polizia eraso basatiaren" biktimak izan ziren guztiak omentzeko elkarretaratzea. Argazkia: EFE/ Jesus Diges
"Era berean, Euskal Herriko eta Estatuko beste memoria elkarteekin batera, Europako Parlamentura joan ginen, Espainiako Estatuko memoria historiko lantaldearen bitartez, Iruñea, Gasteiz, Madril edo Malagan trantsizioko urteetan eta ondoren izandako errepresio ekintzak inpunitatearen linbotik ateratzeko", gaineratu du.
'Martin Villari epaiketa' kanpaina
Bestalde, 'Martin Villari epaiketa' kanpaina hizpide izan du Ostak. "Salaketaren erdialdean Rodolfo Martin Villa jartzen" duen Estatu osoko sare ekimena da. "Politika errepresibo eta basatiaren egile nagusietako bat izan zen, Estatuaren aldetik krimenak eta giza eskubideak urratzeko orduan", gogorarazi duenez.
"Frankisten errugabetasunaren aurkako borrokan aurrera egiteko balioko digu, automatikoki demokrata bihurtu zirelako, baina diktaduraren metodo eta tresna errepresiboak erabiltzen jarraitu zuten", salatu du. Zentzu horretan, azken lau urteetan Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak emandako babesa eskertu du Ostak.
Azkenik, "mobilizazio sozialaren garrantzia" azpimarratu du. "Oraindik bukatu ez den ibilbide luzean" parte hartu dutenen lana eskertu du, "egia, justizia eta erreparazioaren bila".