Itxi

Politika

Presoak

Sarek aldarrikatu du presoei egindako ongietorriak ez direla 'omenaldiak'

Agentziak | Erredakzioa

Joseba Azkarraga euskal presoen eskubideen aldeko sare herritarraren bozeramaileak “bizikidetzaren esparruan lan egitearen” alde egin du, “behin betiko bakea lortzeko”.

  • Sare

    Sarek presoen eskubideen aldeko eta dispertsioaren kontrako manifestazioa deitu du. Argazkia: Sare.

Joseba Azkarraga euskal presoen eskubideen aldeko sare herritarraren bozeramaile eta Eusko Jaurlaritzako sailburu ohiak gaur, asteartearekin, esan duenez, euskal presoei kartzelatik irtendakoan egiten zaizkien ongietorriak ez dira “omenaldiak”, eta “bizikidetzaren esparruan lan egitearen” alde egin du, halaber, “behin betiko bakea lortzeko”.

Prentsaurreko batean, Azkarragak hizpide hartu du biktimen elkarteek, alderdi politikoek eta Iñigo Urkullu lehendakariak horrelako ekitaldiak egiteari uzteko eskatu izana, eta jarrera hori “errespetatzen” duela esan du, nahiz eta ez dagoen ados horiekin guztiekin.

“Elkar ulertzeko unea da, elkar aintzat hartu eta elkarri enpatia adierazteko garaia, besteren mina eta sufrimendua ulertzekoa”, adierazi du Sareren bozeramaileak, eta ontzat eman ditu “biktima guztien zauriak ixteko eta sufritzeko bidean eta pertsona ororen eskubide eta bizipenak errespetatzeko bidean egindako aurrerapenak”.

Azkarragaren hitzetan, “ongietorriak ez dira omenaldiak, batik bat hobe litezkeen egoeretan kartzeletan hamarka urteko zigorrak bete dituzten pertsonei egindako ongietorriak dira”, eta “errespetua” erakutsi dio Urkulluri, baina esan du Sarek “besteak mintzen dituzten gauzetan aurrera egitearen alde” egiten duela bizikidetzaren esparruan, hala nola “egun indarrean den espetxe politika mendekuzkoan”.   

Sarek larunbaterako Gasteizen deitu duen manifestazioa aurkezteko prentsaurrekoan egin ditu adierazpenok Azkarragak. Presoen eskubideak aldarrikatu eta dispertsioa amaitzea eskatzeko elkarretaratzea izango da Arabako hiriburukoa.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena