Politika -
Heriotza
Jose Moreno San Andres batailoiko gudaria hil da 100 urterekin
Garuneko infartua izan zuen duela egun batzuk eta astelehen honetan zendu da Santa Marina ospitalean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Jose Moreno Torres San Andres batailoiko gudaria hil da 100 urte zituela, EFE berri-agentziak EAJren iturriak aipatuta zabaldu duenez.
EAJko militantea zen. Duela egun batzuk garuneko infartua izan zuen eta Santa Marina ospitalera eraman zuten. Bertan zendu da astelehen honetan.
Jose Morenori "azken gudaria" deitzen zioten, publikoki ezagunena zelako: urtero joaten zen gudariei eta milizianoei Artxandan egiten zaien omenaldira; sarritan argitaratzen zituen artikuluak Deia egunkarian; berari buruzko liburu bat idatzi zuten; eta aurten The New York Times egunkariak orrialde bat eskaini dio.
Moreno 1918an jaio zen Bilbon. Hamalau urterekin ikatza Ingalaterrara eramaten zuen ontzi batean itsasoratu zen.
1936ko gerra hasi zenean 17 urte zituen. Eusko Jaurlaritzaren Armadan izena eman zuen eta San Andres batailoiko kide izan zen. Hasieran lubakiak egiten aritu zen eta ondoren fusilari izan zen. Gerra galduta, Zaragozako kontzentrazio eremura eraman zuten lehendabizi eta kartzelara geroago. 24 urterekin utzi zuten libre.