Politika -

Espainiako Gobernua

PSOEk ez du Podemosen asmoa ulertzen, aurrekoan koalizio gobernua ‘galarazi’ ostean

Bestalde, Unidas Podemosek Kongresuan duen bozeramailearen ustez, PSOEren "xantaia eta negoziazio ezaren estrategia akats bat da". PSOEk irailean abiatuko ditu elkarrizketak.

Adriana Lastra, PSOEko bozeramailea. Argazkia: EFE
Adriana Lastra, PSOEko bozeramailea.
Adriana Lastra, PSOEko bozeramailea. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Adriana Lastra PSOEko bozeramaileak astearte honetan adierazi duenez, PSOEk ez du ulertzen koalizio gobernu bati buruzko negoziazioa berrabiarazteko asmoz Unidas Podemosek aurkeztu dion proposamena. Izan ere, uztaileko inbestidura saioan “gobernu sozialista bat osatzea galarazi zuen” koalizio moreak.

Diputazio Iraunkorra elkartu aurretik Kongresuan egindako agerraldian, Lastrak azpimarratu du PSOE eta Unidas Podemos elkartzen direnean negoziazioak “hasieratik” egin beharko dituztela, gobernu programa bat adostu ahal izateko. Halaber, "gainerako taldeei" Espainiako Gobernuaren osaketa "blokeatzen" ari direla leporatu die, eta Pedro Sanchezen "alternatibarik ez" dagoela ziurtatu du.

Unidas Podemosekin zergatik eman dituzten negoziazioak apurtutzat galdetu diotenean, Lastrak erantzun du haiek izan zirela elkarrizketak hautsitzat eman zituztenak, “koalizio gobernu baten aukera baztertu zuten unean".

Halaber, Pablo Echeniqueri erantzutean "zuhur" jokatu nahi duela esan du Lastrak, eta ondorengoa gaineratu du: "Abuztuan ez naiz Podemoseko inongo bozeramaileren probokazioan sartu, eta ez dut orain egingo".

Testuinguru horretan, "koalizio gobernu bat osatzeko beharrezkoa den konfiantza" uztaileko inbestidura saioan hautsi zela berretsi du.

Halaber, gizarte zibileko erakundeekin egindako bileren ostean, irailean alderdi politikoekin elkarrizketak hasiko dituztela nabarmendu du, baina ez du zehaztu zeinekin elkartuko diren ezta zein egunetan egingo dituzten bilerak.

Belarrak "akats bat” ikusten du PSOEren estrategian

Bestalde, Ione Belarra Espainiako Kongresuko Unidas Podemoseko bozeramailearen ustez, PSOEren "xantaia eta negoziazio ezaren estrategia akats bat da", eta "mahai gainean" beste aukerarik ez egotea deitoratu du. Gainera, bi alderdiek oraindik ez dutela negoziazioak berrabiarazteko hitzordurik antolatu jakinarazi du.

Hala, Unidas Podemosek joan den astean PSOEri aurkeztu zion proposamen programatikoa gobernua osatzeko "eskaintza ona" dela nabarmendu du Belarrak, eta akordioa "errazago" ezin dietela jarri ziurtatu du. Testuinguru horretan, akordio baten negoziazioa "azken 48 orduetarako" ez uzteko eskatu die sozialistei.

"Ez nuke inoiz ulertuko hauteskundeak errepikatu behar izatea Sanchezen jarreragatik; arduragabekeria hori egitea, norbaitek belarrira xuxurlatzen diolako inkesten arabera emaitza hobeak lortu ditzakeela", ohartarazi du.

Hala, elkarrizketari lehenbailehen berriro ekitea aukerarik onena izango litzatekeela esan du Belarrak, eta sozialistek proposatzen duten gobernu eredua baztertu du, hauteskundeak aurreratu behar izan dutenez “porrot egin duela” iritzita.

"Akordioa ahalik eta errazena jartzeko urrats guztiak eman ditugu, baina Sanchezen txanda da orain", esan du Belarrak. Hala, zentsura mozioan gertatu zen ez bezala, PSOEren hautagaiari ez diotela berriro “doako botorik” emango gaineratu du.

"Ardurak hartu nahi ditugu gobernuan, sinatzen ditugun politikak gauzatzen direla bermatu nahi dugulako", azaldu du Belarrak.

Belarrak baztertu egin du Sanchezen balizko inbestidura baterako PSOErekin negoziazio berri batek nolabaiteko desadostasunak sortu ditzakeen koalizio morean, haien artean askotan eztabaidatu eta hitz egin duten dokumentua aurkeztu baitute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Alderdi Sozialista Espainiako Gobernua Espainia argazkiak Unidas Podemoseko buru ohia Alderdi politikoak albisteak Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Podemos berriak