Politika -

A10

Elkarrekin Podemosek zerrendak errepikatuko ditu azaroaren 10eko hauteskundeetan

Koalizioaren izenean Roberto Uriarte (Bizkaia), Pilar Garrido (Gipuzkoa) eta Juantxo Lopez de Uralde (Araba) izango dira Kongresurako hautagaiak. EAJ, EH Bildu, PSE eta PPk ez dute oraindik erabaki.

Elkarrekin Podemosen kanpainako ekitaldia, apirilaren 28ko hauteskundeetan. Artxiboko argazkia: EFE
Elkarrekin Podemosen kanpainako ekitaldia
Elkarrekin Podemosen kanpainako ekitaldia, apirilaren 28ko hauteskundeetan. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Elkarrekin Podemosek apirilaren 28ko hauteskunde orokorretan aurkeztutako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zerrendak errepikatuko ditu azaroaren 10ean. EAJren Aberri Batzarrak irailaren 23an hartuko du erabakia Sabin Etxean egingo duen ezohiko bileran. EH Bilduk, PSE-EEk eta PPk ere datozen egunetan erabakiko dute hautagaiak errepikatzen dituzten ala ez.

Podemos-Ahal Duguk, Ezker Anitza-IUk eta Equok osatutako koalizioak baieztatu duenez, hautagai zerrenda bera aurkeztuko du. Gauzak horrela, hauek izango dira Diputatuen Kongresurako zerrendaburuak: Arabatik, Juantxo Lopez de Uralde; Bizkaitik, Roberto Uriarte eta Gipuzkoatik, Pilar Garrido.

EAJren kasuan, Euzkadi Buru Batzarrak (EBB) astelehenean Sabin Etxean egindako bileran apirilaren 28ko hauteskundeetan Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan aurkeztu zituen zerrendak errepikatzea proposatu zion Aberri Batzarrari. Azken hitza EAJren barne organo gorenak izango du irailaren 23an Sabin Etxean egingo duen ezohiko bileran. Aberri Batzarraren onespena lortuz gero, Aitor Esteban, Joseba Agirretxea eta Mikel Legarda izango dira, hurrenez hurren, EAJren Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako zerrendaburuak Diputatuen Kongresurako.

EH Bilduko mahai politikoak astelehenean bilera egingo du, hautagaien zerrenda proposatzeko eta plantxak onartzeko metodologia onartzeko. Aurreko hauteskundeetan, Oskar Matute, Mertxe Aizpurua eta Iñaki Ruiz de Pinedo izan ziren, hurrenez hurren, EH Bilduren Espainiako Kongresurako Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako zerrendaburuak.

PSE-EEri dagokionez, azken erabakia lurralde batzarren esku egongo da. Apirilaren 28ko hauteskundeetan, Patxi Lopez, Odon Elorza eta Isabel Celaa izan ziren PSE-EEren Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako zerrendaburuak.

Bestalde, PPren Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zuzendaritzek hautagaien proposamena egingo badute ere, Genovak izango du azken hitza. Hautagaiak aurkezteko epea urriaren 7an amaituko da. Edozein kasutan, Javier Marotok ez du Kongresurako zerrendan errepikatuko. Izan ere, aurreko bozetan ez zuen eserlekurik lortu eta, gerora, Segoviako udalerri batean erroldatu eta Gaztela eta Leongo senatari aukeratu zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua albisteak Politika Euzko Alderdi Jeltzalea Hauteskunde orokorrak Alderdi politikoak EH Bildu Araba PSE-EE Bizkaia Euskadiko PP bideoak Eguneko albisteak Albisteak Euskadiko Podemos-eko albisteak Hauteskundeak