Politika -
EAJ
Ortuzar: 'Espainiako Justiziak sinesgarri izateko arazoak ditu'
'Proces' auziko epaiaren inguruko "filtrazioak" izatea "deitoragarria" da, sistema demokratiko baten Justizia "ezer baino lehen bermeak direlako".
Agentziak | Erredakzioa
Auzitegi Gorenak astelehenean edo asteartean argitaratzeko asmoa duen proces auziko epaiaren xehetasunak "filtratu" direla ikusita, Espainiako Justiziak "sinesgarri izateko arazoak" dituela uste du Andoni Ortuzar EAJko presidenteak.
Ortuzarrek Arabako Babarrun Pintoaren XV. Jaian egin ditu adierazpenak, Pobesen. Urriaren 12ko festa eta Gorenaren erabakia hizpide izan ditu buruzagi jeltzaleak. Kataluniako buruzagi independentistak sedizioagatik eta diru publikoak bidegabe erabiltzeagatik zigortuko dituztela ematen du.
Zentzu horretan, proces auziko epaiaren inguruko "filtrazioak" izatea "deitoragarria" da, sistema demokratiko baten Justizia "ezer baino lehen bermeak direlako", kritikatu duenez.
"Filtrazioak bezalako jokamoldeekin berme horiek ez dira betetzen dagoeneko eta, ondorioz, Justiziak sinesgarri izateko arazoak ditu", ohartarazi du.
EAJ prozesu judizialaren aurka dagoela errepikatu du agintari jeltzaleak. Ortuzarren ahotan, sekula ez zen martxan jarri behar izan, Katalunian "arazo politiko bat dagoelako", eta irtenbidea "ez da sententzia baten edo 155. artikuluaren eskutik etorriko, elkarrizketa ireki eta konstruktibo baten eskutik baizik, Kataluniako gizartearen nahiak betetzea posible egiten duten akordio politikoetara heldu ahal izateko".
Bestalde, larunbatean ospatutako Festa Nazionala hizpide izan du EAJko ordezkariak. "Madrilen desfilea egin zuen Estatu eredua" ez da EAJren gustukoa; izan ere, "nazio bakarraren existentzian eta beste nazio batzuen ukapenean oinarritzen da", erantsi duenez.
"Beste Estatu eredu bat posible da", ziurtatu du. Ortuzarren hitzetan, "Espainiako Estatuak bere barnean nazio ezberdinak dituela onartzea ona litzateke, berdintasun eta aldebikotasun baldintzetan elkarbizitzeko, elkarrizketaren eta akordioaren bidez".