Politika -
A10 hauteskunde orokorrak
Ahal Dugu: 'Kongresuan kontrapisurik egon ezean, Sanchezek eskuinera joko du'
Lander Martinez Podemos-Ahal Duguren idazkari nagusiaren esanetan, "langileen zerbitzura egongo den Gobernu baten bermea gara".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
"Boz baliagarriaren" alde egin du Lander Martinez Podemos-Ahal Duguren idazkari nagusiak, "gehiengo langilearen zerbitzura" egongo den eta, "jendea kontuan izanda", krisi ekonomikoa kudeatuko duen Gobernu bat bermatzeko.
Ekitaldi politikoa egin du Elkarrekin Podemosek Bilbon eta, Martinezekin batera, Isabel Salud Ezker Anitza-IUko koordinatzailea eta Kongresurako EAEko hainbat hautagai ere izan dira.
Martinezek azpimarratu duenez, "boza progresista mobilizatzeko prest dago Elkarrekin Podemos, uste baino gehiago baitago jokoan hauteskunde hauetan".
Ahal Duguren buruzagiak Pedro Sanchez kritikatu du: "egia esanda, hauteskundeak deitzea erabaki zuenean ez dakit zertan egongo zen pentsatzen, non geratu zen hauteskunde kanpainan emandako hitza; badakit non gauden orain, eta ez dauka itxura onik".
"A10erako bi agertoki daude, bata zein bestea kezkagarriak: Gobernua osatzeko PSOE eta PP arteko akordioa, eta horrek alderdi-bitasuna ezarriko luke; eta bigarren aukera bat, askoz okerragoa, hiru eskuinen arteko Gobernu bat, alegia, inoiz baino indartsuago izango zen Vox batekin".
"Argi eta garbi geratu behar da Kongresuan kontrapisu indartsurik egonez gero, Pedro Sanchezek beti eskuinera joko duela beti; Katalunian ikusten hasi gara, eta proposamen ekonomikoetan ere somatzen hasi gara", deitoratu du.
Ekonomia mintzagai izan du Martinezek bere hitzaldian: "hilabeteak daramatzagu atzeraldi ekonomikoa ziurtzat ematen, krisia berriro izateko aukera hortxe dago, bere eraginaren inguruko datuak oraindik ez baditugu ere. Milaka familiak pairatutako drama sozialak oso gertu ditugu; oro har, hobeto gauden arren, pertsona askok ez dute suspertzea lortu, eta prekarietateak oso ahul bihurtzen ditu herritarrak".