Politika -

Eraso faxistak Bilbon

Faxistek 'Pikara Magazine' aldizkari feministaren egoitzari eraso egin diote Bilbon

Halaber, Sare Antifaxistako kide bati heriotza-mehatxua egin diote. 'Pikara' aldizkariak "faxismoaren gainetik igarotzeko" deia egin du. Arratsaldean, auzolanean kendu dituzte pintaketak. 

Pikara Magazine aldizkariaren egoitzan pintaketa faxistak. Argazkia: Andrea Momoitio
Pikara Magazine aldizkariaren egoitzan pintaketa faxistak.
Bilboko Pikara Magazine aldizkariaren egoitzan egindako pintaketak ezabatu dituzte

3:19

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pikara Magazine aldizkari feministak eta Faktoria Lilak Bilboko San Frantzisko auzoan konpartitzen duten lokalean pintaketak egin ditu talde faxista batek.

Pikara aldizkariak sare sozialen bidez jakinarazi duenez, erredakzioaren leihoan "Putas de Soros" idatzi dute eta pintaketa alderdi faxista baten gazte erakundearen izenean sinatu dute.   

Horrez gain, auzo horretan dagoen faxismoaren kontrako horma-irudi batean Sare Antifaxistako kide baten izen-abizenak margotu dituzte eta heriotza-mehatxuak egin dizkiote. Besteak beste, "Arriba España" eta "Hemos vuelto" idatzi dute.

Pikara aldizkariak erasoa arbuiatu eta adierazpen askatasuna aldarrikatu du. Ildo horretan, gorrotoari "hizketan, idatziz eta emakumeon artean sortuz eta saretuz" egingo diotela aurre azpimarratu du. "Lau gaztetxok egindako gaiztakeria izan dela ematen badu ere, erasoa alderdi falangista batek sinatu du", ohartarazi du.  

Arratsaldean bilkura egin dute erasoa gaitzesteko eta auzolanean pintaketa ezabatzeko: "Ez dugu faxismoa garbitu nahi, faxismoaren gainetik pasatzea nahiago dugu", nabarmendu dute.

Kazetarien Euskal Elkargoak eta Euskal Kazetarien Elkarteak feminismoaren kontrako pintaketa faxistak salatu dituzte eta adierazpen askatasunaren eta askatasunean informatzeko eskubidearen aurkako erasoa izan dela erantsi dute.

Pikara Magazine aldizkari digitalak jasoko du 2019ko Euskal Kazetaritzaren Saria, kazetaritza digitalaren alorrean, feminismoaren zabalkundean egindako lanagatik.

Eraso faxista Pikara Magazine aldizkariaren lokalean

(Faxistek 'Pikara Magazine' aldizkariaren egoitzan egindako pintaketak. Argazkia: Andrea Momoitio)

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bilbo Indarkeria matxista Bizkaia Eguneko albisteak Albisteak Frankismoa Matxismoa Feminismoa