Politika -
Pailazoak
Nafarroako Kontseiluaren ustez, Pirritx eta Porrotxen kontratua egokia da
Kontseiluaren arabera, akatsen bat edo beste izan da kontratazioa egiteko prozeduran, baina ez kontratua baliogabetzeko adinakoa. Ikusteko dago orain Udalak zer egingo duen.
eitb.eus
Nafarroako Kontseiluak ebatzi du ez dagoela Pirritx eta Porrotxek bihar Iruñeko Baluarten eskaintzekoa zuten emanaldia bertan behera uzteko arrazoirik. Pasa den astean iragarri zuen Iruñeko Udalak emanaldia bertan behera uzteko asmoa, kontratazioak ustez izandako irregulartasunak argudiatuta.
Kontseiluaren arabera, akatsen bat edo beste izan da kontratazioa egiteko prozeduran, baina ez kontratua baliogabetzeko adinakoa. Iruñeko Udalak kontsulta egin zion, haren babesa behar baitu kontratua baliogabe uzteko. Azkenean, baina, prozedura hobetu zitekeela uste duen arren, Kontseiluak ebatzi du kontratua ezin dela baliogabe utzi.
Ikusteko dago orain zer egingo duen Udalak, Enrique Maya alkateak adierazi baitzuen Pirritx eta Porrotx ezker abertzalearekin lotuta daudela, eta ez duela bere agintepean horien ikuskizunik babestuko.
Bihar goizean, 11:30ean, Iruñeko Katakraken, egingo dute pailazoek Kontseiluaren erabakiaren balorazioa.