Politika -

Legebiltzarrean

Celaaren arabera, kimika azterketakoa ez zen itzulpen arazoa izan

Selektibitateko azterketako galdera guztiak curriculumaren barruan zeudela esan eta ondorioz, azterketa "erabat zuzena" izan zela azpimarratu du.

Celaak EHUk hartutako konponbidea defendatu du. Argazkia: EHU.
Celaak EHUk hartutako konponbidea defendatu du. Argazkia: EHU.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Selektibitateko kimika azterketaren arazoa "akats bat" izan zela esan du Isabel Celaa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, eta ez gaztelaniatik euskarara itzultzean egindako okerra.

Arantza Aurrekoetxeak (EAJ) eta Juanjo Agirrezabalak (EA) arazo horren inguruan egindako galderei erantzun die Celaak. Euskal Herriko Unibertsitateak azterketa horren balorazioa bi era desberdinetan egin eta ikasleei bi nota horietatik altuena ematea erabaki zuen.

Sailburuaren esanetan, arazoa galdera batean "potasio ioduroa" bi tokitan jartzeak eragin zuen, batean "potasio ioduroa" eta bestean "iodo molekularra" behar zuen arren.

Halere, selektibitateko epaimahaiek akatsa atzeman egin zutela adierazi du, eta ukatu egin du "konponbiderik onena" azterketa errepikatzea izatea, proba bakarra egiteko printzipioaren aurka baitoa

Bere ustez, EHUk akats "tamalgarri eta errepikaezin" horren aurrean erabakitakoa da konponbiderik egokiena.

Ikasle, familia eta irakasleen artean sortutako "alarma" egoerari "erantzun perfektua" ematea ez zegoela onartu arren, erabakitadoa "bidezkoena" dela azpimarratu du.

Azkenik, azterketa horretan curriculumetik kanpo dauden galderak egin izana ukatu du Celaak, ikuspegi horretatik proba "erabat zuzena" izan zela argudiatuta.

EAJ eta EAren kritikak

Arantza Aurrekoetxeak (EAJ) deitoratu egin du sistema egoerari "erantzun egokia" emateko gai ez izatea, eta, "baldintzak" gorabehera, hamar ikasletik seik unibertsitatean sartzeko probak euskaraz egin izana nabarmendu du.

Juanjo Agirrezabalak (EA), berriz, kimikako hainbat irakaslek galdera batzuk gai zerrendatik kanpo zeudela salatu zutela adierazi du. Honen harian, ea euskarazko azterketetan akatsak "behin eta berriro" zergatik ematen diren galdetu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea