Politika -
Gorenaren kontrako helegitea
Auzitegi Konstituzionalak Sorturen errekurtsoa onartu du
Sortuk maiatzaren 18an jarri zuen Gorenaren epaiaren kontrako helegitea. Konstituzionalak hamar eguneko epea eman die Fiskaltzari eta Estatuko Abokatutzari auzian aurkeztuko diren ala ez erabakitzeko.
Erredakzioa
Auzitegi Konstituzinalak tramitera onartu du Sortuk Auzitegi Gorenaren epaiaren kontra jarritako helegitea.
Konstituzionaleko berme epaimahaia Gorenarenari zuzendu zaio auzi honen inguruko jarduerak igortzeko eskatuz eta Fiskaltzari eta Estatuko Abokatutzari hamar eguneko epea eman die auzian aurkeztu ala ez erabaki dezaten.
Martxoaren 24an Auzitegi Gorenak Sorturen izen-ematea debekatu zuen alderdien erregistroan, legez kanpo dagoen Batasunaren jarraipena zela argudiatuta. Zazpi magistratuk erabaki horren kontrako boto partikularra eman zuten.
Gorenaren ebazpenaren kontrako helegitea maiatzaren 18an aurkeztu zuen Sortuk.Konstituzionalak Bildu maiatzaren 22ko hauteskundeetan aurkeztu ahal izateko erabili zituen argudioak erabili zituzten errekurtsoan, eta Barne Ministerioaren alderdien erregistroan Sorturen izen-ematea galaraziz Gorenak emandako epaia indargabetzeko eskatzen zuen.
Sorturi betoa jarri zion gehiengoaren erabakiaren kontra zazpi magistratuk aurkeztutako boto partikularra ikusita eta Konstituzionalak Bilduren inguruan emandako argudioak kontuan hartuta, Iñigo Iruin abokatuak helegiteak aurrera egingo zuen konfiantza azaldu zuen errekurtsoa jarri zuten egunean.