Politika -

Oroimen Historikoa

Errepresio frankistak Nafarroan eragindako biktimei buruzko atari digitala sortu dute

Nafarroako Oroimen Historikoari buruzko Dokumentazio Fondoan 22.555 errepresaliaturen datuak bildu dituzte. Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Gobernuak eta Parlamentuak elkarlanean egindako lana da.

Oroimen Historikoari buruzko Dokumentazio Fondoaren aurkezpena. Argazkia: Nafarroako Parlamentua
Nafarroako Oroimen Historikoari buruzko Dokumentazio Fondoaren aurkezpena.
Oroimen Historikoari buruzko Dokumentazio Fondoaren aurkezpena. Argazkia: Nafarroako Parlamentua

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Unibertsitate Publikoak Oroimen Historikoari buruzko Dokumentazio Fondoa aurkeztu du. 1936 eta 1975 urteen artean errepresio frankistak Nafarroan eragindako milaka biktimen datuak bildu ditu bertan.   

Datu basea Nafarroako Unibertsitateko Publikoko ikertzaile talde batek egin du eta, oraingoz, 29.095 errepresio ekintza dokumentatu dituzte. Datu horien arabera, 22.555 dira frankismoak Nafarroan eragin zituen biktimak.

Fernando Mendiola Oroimen Historikoari buruzko Dokumentazio Fondoaren zuzendariak egitasmoaren aurkezpenean zehaztu duenez, datuak ez dira soilik espetxeratutako eta eraildako pertsonei buruzkoak, "14 kategoria eta azpikategoria sartu ditugu".

Gauzak horrela, atxilo-aldiak, tortura kasuak, jipoiak, eraso matxistak, ondasunen konfiskatzeak nahiz hizkuntzaren kontrako erasoak bildu dituzte aipatu datu basean.    

Proiektua Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Foru Gobernuak, Nafarroako Parlamentuak eta Iruñeko Udalak elkarlanean egin izana azpimarratu du Mendiolak.  

"Oso kasu gutxitan eman da horrelako elkarlan bat oroimen historikoari lotutako kontu batean", erantsi du.

Ikerketa lana Emilio Majuelok zuzendu du eta Estatuko hainbat historialari ezagunen laguntza izan du.

Nerea Perez Ibarrola da Dokumentazio Fondoaren koordinatzailea, eta honek ere erakundeen arteko elkarlana goraipatu du.

Horrez gain, Perezek adierazi du aurrerantzean lanean jarraituko dutela, datu basea eguneratzeko eta kasu gehiagori buruzko informazioa biltzeko.

Ildo horretan, herritarrei elkarlanerako deia egin die eta, informaziorik izanez gero, webgunean sartzeko edo Iruñeko Mercaderes kalean laster irekiko duten Memoria Historikoaren bulegora jotzeko eskatuz.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nafarroa Nafarroako Unibertsitate Publikoa Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Nafarroako Parlamentua Frankismoa Memoria Historikoa