Politika -

Aldebiko negoziazioa

Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak 'dekretu digitala' negoziatzea adostu dute

Sei hilabetez dekretuaren inguruan dituzten desadostasunak gainditzen saiatuko dira, eta tarte horretan Jaurlaritzak ez du helegiterik aurkeztuko Auzitegi Konstituzionalean.

Erkoreka, aurreko agerraldi batean. Artxiboko argazkia: EFE
Josu Erkoreka
Erkoreka, aurreko agerraldi batean. Artxiboko argazkia: EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak 6 hilabeteko aldebiko negoziazio-epea zabaltzea adostu dute 'dekretu digitala'ren inguruan dituzten desadostasunak konpontzeko, eta auziaren "judizializazioa" saihesteko.

Josu Erkoreka Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu eta Jaurlaritzaren bozeramaileak gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan gogorarazi duenez, Legebiltzarrak dekretuaren kontrako helegitea aurkezteko eskaera egin zion Jaurlaritzari joan den astean onartutako ebazpen batean. Dena dela, EAJk eta PSOEk Sanchezen inbestidura ahalbideratzeko lortutako akordioari men eginez, bi gobernuek negoziatzea adostu dute; izan ere, akordio hartan "akordio politikoaren alde" egin zuten bi alderdiek "desadostasunak judizializatzea saihesteko".

Hori dela eta, otsailaren 5a baino lehen, Josu Erkorekak berak eta Carolina Darias Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko ministroak Auzitegi Konstituzionalari jakinaraziko diote, idazki bateratu baten bitartez, desadostasunak negoziatzeko prozesua zabalduko dela Lankidetzako Aldebiko Batzordean.  

Erkorekak azaldu duenez, lege-dekretua onartu zenean "Espainiako eta Kataluniako gobernuen arteko tentsio giroa erabatekoa zen", baina gaur egun ez dago horrelakorik. Jaurlaritzaren ustez, araudiak "segurtasun publikoa, ordena publikoa edo segurtasun nazionala bermatzeko aitzakiarekin, kontrol sistema ez-legitimoa, neurrigabea eta hierarkikoa ezartzen du estatu deszentralizatu batean. Horrek Euskadiren autonomia politikoko printzipioa eta autoantolakuntzako eskuduntza urratzen ditu bi esparrutan: identifikazioa eta sinadura elektronikoa eta datu-base jakin batzuen kokapena eta segurtasuna telekomunikazioen arloan".

Gainera, Jaurlaritzaren iritziz, "arau-hauste batzuen eta hauei lotutako zigorren artean ez dago proportzionaltasunik. Proposatutako helburura egokitzen ez diren alferrikako eta gehiegizko neurriak, kautela berezikoak, aurreikusi dira". Azkenik, arau horrek "Espainiako Konstituzioaren 18. eta 20. artikuluen oinarrizko eskubideak eta askatasunak larriki eta modu murriztailean urratzen ditu", Jaurlaritzaren arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Eguneko albisteak Albisteak EAEko Autonomia Estatutua Internet