Politika -

RADIO EUSKADIN

EAEko hauteskundeak maiatzaren 24an izan daitezkeela iragarri du Elkarrekin Podemosek

Udazkenean izan beharko lirateke Legebiltzarrerako hauteskundeak, baina aurrerapenaren aukera hitzetik hortzera dabil euskal politikagintzan. Gaur, data zehaztera ausartu da Cristina Makazaga.

Cristina Makazaga Radio Euskadin
Cristina Makazaga Radio Euskadin
Cristina Macazaga, hauteskundeen aurrerapenari buruz: 'Maiatzaren 24an izan litezke'

0:25

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Komeni al da hauteskundeak maiatzera aurreratzea?" galdetu die gaur goizean Ander Arzak kazetariak Radio Euskadiko 'Parlamento en las Ondas' saioaren amaieran, bertan eztabaidan aritu diren euskal legebiltzarkideei.

Izan ere, udazkenean izan beharko lirateke, berez, Legebiltzarrerako hauteskundeak, baina aurrerapenaren aukera indarra hartzen ari da azken asteotan, eta Cristina Makazaga Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak erantzun dionaren arabera, 2020ko udaberrira aurreratuko lirateke EAEko hauteskundeak: "Nik uste dut legegintzaldia amaitu beharko litzatekeela, baina guztiak maiatzean izango direla pentsarazten dugu. Zantzu guztien arabera, Katalunian irailean edo urrian izango dira hauteskundeak eta ez dute uste batera izango direnik. Gainera, Eurokopa ere badago ekainean... nik maiatzaren 24an izango direla apustu egingo nuke".

"Hori lehendakariak erabaki" behar duela gehitu du Eneko Andueza Gipuzkoako PSE-EEko buruak "lehendakariak du hori erabakitzek ardura, eta beraz, hark esaten duenean izango dira" gaineratu du.

Baina lehendakariak alderdikide duen Joseba Egibar EAJko legebitzarkideak ez du ez ukatu ez baieztatu aurrerapena, ezta balizko data ere: "hauteskundeak badaude, herri honek aurrera egin dezan lan egingo duen gobernu progresista baten osaketa gidatzeko izango da" esan du.

Dena dela, eta aurrerapenaren baieztapen ofizialik ez badago ere, alderdiak hasi dira jada hauteskunde kutsuko lehen mugimenduak egiten eta erabakiak hartzen. Zentzu honetan, urtarrilaren 13an, EAJko Euzkadi Buru Batzarrak Iñigo Urkullu berriz ere lehendakarigai izango dela iragarri zuen baita Bakartxo Tejeriak Legebiltzarreko presidenterako hautagai gisa errepikatuko duela ere.

EH Bilduk ere aste honetan abiatu du lehendakarigaia hautatzeko prozesua. Barne prozesuan Arnaldo Otegi hautatzen badute, honen egoera juridikoak ez omen du EH Bilduren hautagaitza baldintzatuko. Otsailaren 3an emango da jakitera lehendakarigaiaren izena eta martxoaren 9an zerrenda osoa.

PP ere hauteskunde giroan murgildu da jada eta Alfonso Alonso EAEko buruak dei egin die alderdi konstituzionalista guztiei "alternatiba" izango den indar bat osatzera. "Madrilgo Gobernuaren alternatiba bat hemen sortu behar da, indarrez, Galiziaz gain, Euskadin ere hauteskunde autonomikoak egingo direlako aurten" adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV EAEko hauteskundeak EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Hautagaiak Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Hauteskundeak Hauteskunde inkestak 2020ko EAEko hauteskundeen emaitzak