Politika -
UDAL POLITIKA
PSNk atea itxi dio Lizarran zentsura mozioa aurkezteko aukerari
Nafarroako sozialistek oharra bidali dute urtarrilaren 26 honetan komunikabideek zabaldu duten aukera ez dela inolaz ere gauzatuko adieraziz.
EITB.EUS
Lizarrako talde sozialistak erabat ukatu du Gonzalo Fuentes, Navarra Sumako alkateari zentsura mozioa aurkezteko aukera.
Komunikabideetara bidalitako ohar batean, Lizarrako PSNk "herriarekin duen konpromisoa" berretsi du eta udal taldea osatzen duten zinegotzien "helburu bakarra" "herritarrei mesede egingo dieten neurriak garatzeko modu propositiboan lanean jarraitzea" dela adierazi dute.
Jorge Crespo Lizarrako PSN-PSOEko udal taldearen bozeramaileak "Lizarrarekin eta Lizarrako bizilagunekin duten konpromisoa" berretsiz amaitu du oharra.
Beraz, itxita geratu da gaur Diario de Noticias de Navarra egunkariak kaleratutako albiste baten harira irekitako aukera edo polemika. Egunkariaren datuen arabera, Lizarrako sozialistak oso haserre leudeke Navarra Sumako udal ordezkariekin, "informaziorik ematen ez dietelako", besteak beste; eta horren aurrean, Lizarrako exekutibaren %70ak Gonzalo Fuentes alkatearen aurkako "zentsura mozioa aurrera ateratzeko beharko litzatekeen akordioa aztertzea" onartu zuen bilera batean. Zentsura mozioa aurrera ateratzeko, EH Bildu eta Geroa Bairen botoak behar lituzkete.
Koldo Leoz, Lizarrako EH Bilduko bozeramaile eta alkate ohiak Euskadi Irratiari gaur goizean adierazi dio eurak prest daudela euren botoak sozialistenekin batzeko baina zalantza handiak dituzte "Nafarroako zuzendaritzak Lizarrako sozialistei pausoa ematen utziko ote dieten".
Geroago, PSNren zuzendaritzarekin hitz egin du Euskadi Irratiak eta aukera hori ez dutela "inolaz ere" babestuko adierazi dute. Arratsaldean, oharra kaleratu dute jarrera hori berretsiz.
Navarra Sumako Alkatetza
2019ko maiatzaren 26ko udal hauteskundeen ondotik, ekainaren 15ean osatu ziren udalak Nafarroan. Lizarran, EH Bilduren legegintzaldiaren ostean, Navarra Sumak hartu zuen Alkatetza, Gonzalo Fuentes buru zuela. Zerrenda bozkatuena izan zen Fuentesena (17 zinegotzitatik 7), eta EH Bilduk (6) eta Geroa Baik (1) PSNren (3) babesa behar zuten botereari eusteko, baina PSNko zinegotziek euren buruari eman zioten botoa eta Fuentesek eskuratu zuen Alkatetza.
Une hartan, PSNk EH Bilduri ezarritako betoak Navarra Sumari egin zion mesede, baina gutxiengoan geratu zen agintean. Ondoren, Navarra Sumak eta PSNk akordioa lortu zuten udaleko 10 batzordeetako presidenteak banatzeko (7 Navarra Sumarentzat eta 3 PSNrentzat), baina enfrentamendu ugari izan dituzte, antza denez, azken hilabeteotan.