Politika -
Estatutu berria
Autogobernurako proposamena tramitatzeko eskatu die EH Bilduk EAJ, Podemos eta PSEri
Dokumentua lege-proposamen gisa tramitatu ezean, eztabaida blokeatuta geratuko dela eta, ondorioz, orain arte egindako lan guztia bertan behera geratzeko arriskua dagoela ohartarazi du EH Bilduk.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Estatutua berritzeko landu duten testu artikulatua ahalik eta azkarren lege-proposamen gisa erregistratu dezatela eskatu die EH Bilduk EAJri, Elkarrekin Podemosi eta PSE-EEri, tramitazioa legealdi honetan has dadin.
Legebiltzarreko autogobernu lantaldeak Gernikako Estatutua erreformatzeko testu artikulatu bat egiteko mandatua eman zien bost legelariri. Legelari horiek talde parlamentarioek izendatu zituzten.
EAJk eta EH Bilduk adostu eta Elkarrekin Podemosek partzialki babestutako dokumentu bat oinarri hartuta egin behar zuten testu artikulatu hori. PSE eta PP testuaren kontra agertu ziren.
Azkenean, baina, legelariek hiru proposamen egin dituzte. EAJk, Elkarrekin Podemosek eta PSEk aukeratutako juristek testu bat egin dute, baina puntu askotan boto partikularrak aurkeztu dituzte, besteak beste, autodeterminazio eskubidearen harira dituzte desadostasunak.
Bigarren dokumentua EH Bilduren legelariak aurkeztu zuen. Koalizio soberanistak azpimarratu zuen EAJrekin adostu zuen testuan oinarritzen dela eta, beraz, Legebiltzarrak emandako mandatuari erantzuten diola.
Alderdi Popularrak, berriz, beste dokumentu bat aurkeztu du, Gernikako Estatutua berritzeko egin diren proposamen gehientsuenak Konstituzioaren aurkakoak direla salatuz.
Autogobernu lantaldeko agerraldiak gaur amaitu dira. Ateak itxita egin dituzte guztiak eta, ondorioz, han esandakoak ez dakizkigu.
Juan Ignacio del Burgo PPk aukeratutako juristak uko egin dio lantaldean parte-hartzeari, eztabaida horrek publikoa izan behar zuela iritzita.
Berriro noiz bilduko diren eta aurrerantzean lanerako metodologia zein izango den zehaztu gabe amaitu dute gaurko bilera.
Batzarra amaituta, Unai Urruzuno EH Bilduko legebiltzarkideak soilik egin ditu adierazpenak komunikabideen aurrean. "Zentzuzko tarte batez" beren dokumentua lege-proposamen moduan erregistra dezatela eskatu die EAJri, Elkarrekin Podemosi eta PSEri.
Koalizio soberanistak ez du proposamen hori babesten, baina Legebiltzarrean eztabaidak jarraitzea nahi du, "orain arte egindako lan guztia bertan behera geratu ez dadin".
Hala egiten ez badute, EH Bilduk oraindik ez du erabaki bere testu artikulatua erregistratuko duen edo ez.