Politika -
Polemika Ezker Batuan
EBko militantzia utzi egingo duela iragarri du Javier Madrazok
Javier Madrazo EBko presidente ohiak Ezker Batua-Berdeak uzteko eskaera egingo du datozen egunotan, Arabako Foru Gobernua osatzeko EAJrekin egindako negoziazioen ondoren.
Erredakzioa
Javier Madrazo EBko presidente ohiak Ezker Batua-Berdeak uzteko eskaera egingo du datozen egunotan, Arabako Foru Gobernua osatzeko EAJrekin egindako negoziazioen ondoren. Koalizioko militantea da Madrazo, 2010. urtean presidente izateari uztea erabaki zuenetik.
Bere blogean argitaratutako iruzkin batean (''Agurra'' izenburupean), "aro honi amaiera jartzeko unea" dela azpimarratu du Madrazok. Bere erabakiari esker, "erakundean jarraituko duten pertsonen hurreratzea" lortuko dela espero du. "Hala ere, egia esateko, gai honen inguruan ez naiz optimista".
"Etorkizunean, Ezker Batuak zauriak orbaindu egin dituelako albiste izatea espero dut, eta ez militanteen arteko ezberdintasunak aireratzeagatik", esan du.
Huelvan idatzitako iruzkinean, Madrazok bere "atsekabea" adierazi du Ezker Batua utzi behar izateagatik, "nire bizitzako urte, lan-ordu, poztasun asko eta atsekabe asko izan direlako".
"Batzutan asmatu dut, eta beste batzutan akatsak egin ditut, pertsona guztien antzera, baina, uneoro, Ezker Batua-Berdeakeko baloreak oinarritzat jarraitu ditut; Araban gertatutakoaren erantzukizuna leporatu nahi didatenei esan behar diet arrazoirik ez dutela", azaldu du Madrazok.
"Beti" bere lanean oinarritu dela goraipatu du eta, bizitza politikoa utzi zuenetik "institutoko irakasle lanak" egin dituela azpimarratu du.
"Beste funtzio batzuk egotzi nahi dizkidatenei gonbitea luzatu nahi diet: zortzi orduko lana, euskara ikasteko beste bi ordu, familia eta lana uztartu eta, horrez, gain, gerizpetik alderdi politiko bat gidatzeko gai izango banintz superheroia nintzateke".
Orain bi urte Ezker Batuakeko presidente izateari utzi egin ziola gogoratu du. Ordundik militantea da, "funtziorik eta eskumenik gabe". "Gaurtik aurrera, militantea ere ez naiz izango", gaineratu du.
Orain urtebete Ezker Batua "erabat apurtuta" zegoela adierazi du Madrazok.
Arana "erakundetik at"
Bestalde, Ezkeer Batuako Presidentetzako 18 kideetatik bederatzik Mikel Arana EBko koordinatzaile nagusia "erakundetik kanpo" dagoela esan dute gaur. Presidentetzaren bilerara ez ditu deitu Aranak arratsaldean, ziurtatu dutenez.
Komunikatu batean, Aranak bilera horretara deitu ez dituela salatu du EBko Presidentetzaren erdiak. Horregatik, bilera horrek "batere legimitaterik ez" duela esan dute.
Era horretan Araba "erakundetik at geratu da, izan ere, bilera egiteko beste toki bat proposatu du, EBko egoitza baztertuz", kritikatu dute Presidentetzako kide horiek.