Politika -

Araba

Miguel Angel Montesek (PSE-EE) Javier Martinezen lekua hartu du Iruña Okan

Ostiral honetako Udalbatzan alkategai bezala aurkeztu da, eta lau zinegotzi sozialisten babesarekin lortu du. Gainerako zinegotziak abstenitu dira.

Iruña Oka (Araba). Artxiboko argazkia: Montxo Lopez de Ipiña
Iruña Oka (Araba). Artxiboko argazkia: Montxo Lopez de Ipiña
Iruña Oka (Araba). Artxiboko argazkia: Montxo Lopez de Ipiña

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Miguel Angel Montes sozialista Iruña Okako (Araba) alkate izendatu dute ostiral honetan. Horrela, Javier Martinez alderdikidea ordezkatuko du karguan. Udala gobernatzeko "gehiengo egonkor baten faltan" dimisioa eman zuen Martinezek iragan hilean.

Hala ere, dimisioa oposizioko talde politikoek eskatu ondoren eman zuen Martinezek. Epai batek Udala 840.000 euro ordaintzera zigortu zuen hirigintza auzi batengatik. Gainera, alkateak trafiko istripua izan zuen, eta alkoholemia proban positibo eman zuen.

Udalbatzak Martinezen dimisioa urtarrilaren 24an onartu zuen. Era berean, Miguel Angel Montesek jarduneko alkate izendatu zuten. Ostiral honetako Udalbatzan, ostera, alkategai bezala aurkeztu da, eta lau zinegotzi sozialisten babesarekin Alkatetza bereganatu du. Gainerako zinegotziak abstenitu dira.

Honenbestez, alderdikideak baino aldeko boto gutxiago lortu ditu Montesek; izan ere, aurrekoan Elkarrekin Podemoseko zinegotziak hautagai sozialista babestu zuen. Martinez 2004an heldu zen Alkatetzara.

EAJko hiru zinegotziak eta PPko bakarra abstenitu dira. Jeltzaleek PSE-EErekin koalizio akordioak dituzte erakunde nagusietan. EH Bilduko bi zinegotziak gaurkoan abstenitu dira, aurrekoan Martinezen aurkako botoa eman ondoren.

Bestalde, Loida Blanco zinegotzi sozialista berria karguaz jabetu da ostiral honetan, Martinez ordezkatuz.

Iruña Oka (3.000 biztanle baino gehiago) PSE-EEk gobernatzen duen Arabako udalerri bakarra da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Alderdi politikoak PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Iruña Oka Añanako Kuadrilla azken ordukoa