Politika -

EiTB Focus

Gehiengo osoa lortuko luke EAJk eta PSE-EEk osatutako koalizioak

EAJren eta PSE-EEren gorakadak gehiengo osoa lortzea gauzatuko luke. EH Bilduk bigarren indar politikoa izaten jarraituko luke, eta Elkarrekin Podemosek eta PPk, aldiz, behera egingo lukete.

EAEko hauteskundeetarako boto asmoa.
EAEko boto asmoa
EAJk irabaziko lituzke hauteskundeak, EiTB Focusen arabera

7:00

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euzko Alderdi Jeltzaleak apirilaren 5eko hauteskundeak irabaziko lituzke, eta EH Bildu eta PSE-EE bigarren eta hirugarren indarrak izango lirateke, hurrenez hurren. Hala dio hamazazpigarren EiTB Focusek; izan ere, EiTB Taldeko makroinkestak apirilean egitekoak diren hauteskunde autonomikoez galdetu die herritarrei.

Iñigo Urkullu lehendakariak hauteskundeak aste honetan deitu ostean boto-asmoaren gaineko informazioa argitaratzen duen lehen inkesta da hamazazpigarren EiTB Focus hau.

Inkestak emandako datuen arabera, EAJk berriro irabaziko lituzke EAEko hauteskundeak, 31-32 aulki lortuta. Lau ordezkari gehiago lortuko lituzke, eta, hortaz, EAJk eta PSE-EEk osatutako koalizioak gehiengo osoa izango luke. PSE-EEk ere gora egingo luke: 11-12 legebiltzarkide erdietsita, 2016ko hauteskundeetan baino 2-3 ordezkari gehiago izango lituzke. Bigarren indar politikoa EH Bildu izango litzateke, berriro ere: 17-19 legebiltzarkide lortuko lituzke. Elkarrekin Podemosek, aldiz, behera egingo luke; laugarren indarra izango litzateke (2016an hirugarrena izan zen), eta 8-9 aulki eskuratuko lituzke. PPk ere egingo luke behera, 3-4 legebiltzarkide galduta, eta Voxek eta Ciudadanosek ez lukete ordezkaritzarik izango Legebiltzarrean.

EAEko boto asmoaren grafikoa

EAEko boto asmoaren graikoa

Jeltzaleek hiru lurralde historikoetan irabaziko lukete

Araban izango luke EAJk gorakadarik nabarmenena. Urkulluren hautagaitzak sei puntu egingo luke gora bertan, eta 1-2 aulki gehiago lortuko lituzke. EH Bildu bigarren indar politikoa izango litzateke orain (2016an hirugarrena izan zen), hiru puntuko igoera erdietsita, eta baliteke aulki bat gehiago lortzea. PSE-EE hirugarren indarra izango litzateke, bi puntuko gorakada eta aulki bat gehiago erdietsita. PP laugarren tokira jausiko litzateke: sei puntu eta bi legebiltzarkide galduko lituzke. Elkarrekin Podemosek lau puntu egingo luke behera, eta ordezkari bat galduko luke.

Eserlekuen estimazioaren grafikoa Araban

Boto asmoa Araban grafika

Bizkaian, EAJk 2016ko emaitzak sendotuko lituzke, beste legebiltzarkide bat gehiago lortuta (12.a izango litzateke). EH Bildu izango litzateke bigarren indarra, eta egungo bost ordezkariei eutsiko lieke. PSE-EE kokatuko litzateke hirugarren tokian, eta baliteke aulki bat gehiago izatea. Elkarrekin Podemos laugarren tokira jaitsiko litzateke, ordezkari bat galduta, eta baliteke PPk aulki bat galtzea (PSE-EEk lortuko luke PPk galduko lukeen hori).

Eskainuen estimazioa Bizkaian grafikoa

Boto asmoa Bizkaian grafikoa

Gipuzkoan, EAJk lau puntu egingo luke gora, eta 10 legebiltzarkide eskuratuko lituzke. EH Bilduk puntu bat galduko luke, eta ordezkari bat gal lezake. PSE-EE kokatuko litzateke hirugarren tokian, lau aulki erdietsita. Elkarrekin Podemos laugarren indarra izango litzateke (baliteke ordezkari bat galtzea), eta PPk, Borja Semper gabe, ordezkari bat lortuko luke.

Eskainuen estimazioa Gipuzkoan grafikoa

Boto asmoa Gipuzkoan grafikoa

Parte-hartzeak hamar puntu egingo luke gora, 2016ko hauteskundeekin alderatuta. Inkestaren arabera, parte-hartzea % 70ekoa izango litzateke.

Parte hartzea grafikoa

Bestalde, Iñigo Urkulluk lortu du baloraziorik altuena, herritarrek 6,3ko nota jarri baitiote. Maddalen Iriartek ere gainditu du proba, 5,7ko notarekin. Idoia Mendiari 4,7ko nota jarri diote herritarrek. Elkarrekin Podemoseko lehendakarigaia izateko aurkeztutako lehen hautagaiak, Rosa Martinezek, 4,4koa jaso du (koalizio ezkertiarraren bigarren hautagaiak, Miren Gorrotxategik, ez zuen oraindik aurkeztu hautagaitza inkesta egin zenean). Azkenik, Alfonso Alonsok du notarik baxuena: 2,2koa jarri diote herritarrek inkestan.

Hautagaien balorazioa grafikoa

Fitxa teknikoa

EAEn bizi diren 1.200 pertsona (Araban 400; Bizkaian 400; Gipuzkoan 400).

La= ±% 2,83, konfiantza-maila % 95, p=q=0´5, EAEko datuetarako.

Lurralde, udalerri, sexu eta adinaren arabera geruzatutako zorizko lagina.

Inkesten % 24,7 euskaraz egin dira, eta gainerako % 75,3, gaztelaniaz.

Inkesta hori egiteko hautatutako udalen populazio-tamainagatik haztatutako erabateko emaitzak dira.

Landa-lana 2020ko urtarrilaren 31 eta otsailaren 4a bitartean egin zuten telefonoz elkarrizketak eginez. Galdeketen batez besteko iraupena 5,72koa izan zen: motzenak 4 minutu iraun zuen, eta luzeenak, 12 minutu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Euzko Alderdi Jeltzalea PP Iñigo Urkullu EAEko hauteskundeak 2024 Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariordea Hauteskundeak AEB bideoak EH Bildu Gipuzkoa PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Kataluniako Hauteskundeak gaur Alfonso Alonso albisteak Euskadiko Podemos-eko albisteak EH Bildu bozeramailea Hauteskunde inkestak 2024 2020ko EAEko hauteskundeen emaitzak