Politika -

Luizia Zaldibarko zabortegian

Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa "tamalgarria" izaten ari dela esan du Martinezek

"Airearen eta uraren kalitatearen inguruan gezurretan" bost egun eman dituztela salatu du Podemos Euskadiko idazkari nagusiak. "Ez dugu horrelako Gobernurik merezi", erantsi du.

Lander Martinez Podemos Euskadiko idazkari nagusia. Argazkia: EFE
Lander Martinez Podemos Euskadiko idazkari nagusia. Argazkia: EFE
Lander Martinez Podemos Euskadiko idazkari nagusia. Argazkia: EFE

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zaldibarreko zabortegiaren krisian Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa "tamalgarria eta bat-batekoa" izaten ari dela uste du Lander Martinez Podemos Euskadiko idazkari nagusi eta Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak. Martinezen ahotan, euskal herritarrek "ez dugu horrelako Gobernurik merezi".

Ekitaldi politikoa egin dute Bilbon. Zaldibarko zabortegian gertatutako luizia eta Eusko Jaurlaritzak Eibar, Ermua eta Zaldibarko herritarrei emandako azken gomendioak hizpide izan ditu alderdi moreko buruzagiak. Leihoak ixtea eta aire librean kirolik ez egitea gomendatu dute agintariek, dioxina eta furano maila altuak neurtu dituztelako zonaldean.

Martinez oso kritiko agertu da hitzaldian. "Airearen eta uraren kalitatearen inguruan gezurretan" bost egun eman dituztela salatu du Podemos Euskadiko idazkari nagusiak. "Ez dugu horrelako Gobernurik merezi", erantsi du.

Testuinguru honetan, lehendakariak "azalpen asko" eman beharko ditu datorren asteartean Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean, azpimarratu duenez. Krisian "osasun publikoa, ingurumena eta pertsonen segurtasuna arriskuan dago", gaineratu du.

"Antzeko kasu batekin zer gertatuko litzateke Bilbon? Hondakin arriskutsuak tratatzeko lantegi bat dugu bertan; mututasunetik ateratzea erabaki eta esaten duten aurreneko gauza gai pribatua dela, lotsagarria da", aurpegiratu du.

"Antzeko kasu batekin zer gertatuko litzateke Bilbon? Hondakin arriskutsuak tratatzeko lantegi bat dugu bertan"

Era berean, Iñigo Urkulluk harrapaturik dauden bi beharginen familiei deitu ez izana salatu du alderdi moreko buruzagiak, ezta bertaratzea ere, "lan-istripua delako", baina ondoren jarrera "zuzendu, nahiz eta berandu izan".

Gainera, Zaldibar bezalako antzeko kasurik "berriro ez errepikatzeko" gogoeta egitea eskatu du Martinezek. Zentzu horretan, "ekoizpen ereduak inor atzean uzten ez duen premiazko trantsizio ekologikoa behar du", adierazi du. "Zaldibar bezalako krisiei aurre egiteko egitasmoak behar ditugu, gezurrean eta eraginkortasun ezan oinarritu beharrik gabe", nabarmendu du.

Bestalde, EAEko hauteskundeak apirilaren 5era aurreratzeko erabakia kritikatu du Martinezek. Elkarrekin Podemoseko bozeramailearen hitzetan, Urkulluk "pilotu automatikoa" jarri du aurrerapena "justifikatzen saiatzeko", baina "EAJri ongi datorkiolako da".

"Euskadirentzako gobernu alternatibo bat osatzeko euskal indar progresistei" dei egin die Martinezek. "Dagoeneko existitzen den euskal gehiengo aurrerakoia mobilizatzeko kapaz izango al gara?", galdetu du.

Alderdi moreko legebiltzarkidearen esanetan, PSE-EEk eta EH Bilduk "aliantza estrategiak" argitu behar dituzte; izan ere, Euskadin dagoen gehiengo sozialak "Estatuko Gobernu progresista baloratzen du, eta Euskadirentzako gauza bera nahi du".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi A-8 Autobidea Lander Martinez Hierro Zaldibar Mendi-magaletako lur-jausiak Durangaldea albisteak