Politika -

Hilketaren 20. urtemuga

Buesak "justizia" eskatu du biktimentzat, eta "birgizarteratzea" presoentzat

ETAk 2000. urtean hildako PSE-EEko buruzagiaren alabak nabarmendu duenez, "terroristek ez dute omenaldirik merezi, baina pertsona guztien giza eskubideak errespetatu behar dira".

Sara Buesa aitaren hilketaren 20. urtemugaren ekitaldian. Argazkia: EFE
Sara Buesa aitaren hilketaren 20. urtemugaren ekitaldian.
Sara Buesa aitaren hilketaren 20. urtemugaren ekitaldian. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sara Buesa ETAk duela 20 urte hildako Fernando Buesa PSE-EEko buruzagiaren alabak azpimarratu duenez, biktimek "justizia" behar dute eta "terroristek ez dute omenaldirik merezi". Dena dela, ETAko presoek "birgizarteratze bide bat" izan behar dutela esan du, pertsona guztien giza eskubideak errespetatu behar direlako, "baita min egin diguten horiena ere".

Fernando Buesa Fundazioko presidenteordea ere badenak buruzagi sozialistaren eta Jorge Diaz bizkartzainaren hilketaren urtemuga-ekitaldian egin ditu adierazpenak. ETAk 2000ko otsailaren 22an hil zituen biak, Gasteizen jarritako bonba-auto batekin.

Gasteizen egin dute ekitaldia, Europa Jauregian, terrorismoaren biktimen hainbat elkarte, erakundeetako ordezkari ugari eta Iñigo Urkullu lehendakaria bertan zirela.

Buesak gogora ekarri duenez, aitak "ez zuen erdibiderik onartzen indarkeriaren aurrean, jarrera irmoa zuen. Ozen salatu zuen hiltzea eta estortsioa egitea ez zela ekintza politiko bat, kriminala baizik, eta ekintza terroristak egin edo antolatzen zituztenak ez zirela abertzaleak edo heroiak. Ez dute omenaldirik merezi".

Sara Buesak buruzagi sozialistaren "konpromiso zibikoa" goraipatu du: "Injustizien, intolerantziaren eta fanatismoaren aurka azaldu zen". Ildo horretan, nabarmendu du aitak askatasuna aldarrikatu zuela frankismoaren eta terrorismoaren aurrean.

Horren hitzetan, aitak uste zuen edozein ideia politiko "hitzarekin eta bide demokratikoen bidez" defenda zitekeela, baina inposatu gabe, "eta are gutxiago indarkeria edo bortxa erabilita".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Araba Presoak ETA PSE-EE Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Bakea Euskadin Terrorismoaren Biktimak