Politika -

Koronabirusa

Deseskalatze plana Nafarroan propioa eta asimetrikoa izango dela uste du Chivitek

Nafarroako Gobernuko presidentearen esanetan, bere kabineteak ez dio sindikatuekin eta patronalarekin hitz egiteari utzi, eta egunotan atzemandako beharrak helarazi dizkio Espainiako Gobernuari.

Maria Chivite, Nafarroako Gobernuko presidentea. Argazkia: Nafarroako Parlamentua
María Chivite, presidenta del Gobierno de Navarra.
Maria Chivite, Nafarroako Gobernuko presidentea. Argazkia: Nafarroako Parlamentua

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

COVID-19 gaitzak eragindako pandemiari aurre egiteko asmoz ezarritako neurriak arintzeko orduan, Nafarroan "irizpide propioa baina zuhurtzia handienarekin" jarraitu nahi dute. Testuinguru horretan, deseskalatze plana asimetrikoa izan liteke Foru Erkidegoan bertan, eremuen arabera, eta herritarrak "modu anonimoan geolokalizatuko lirateke", zenbat pertsonarekin izan duten kontaktua jakiteko.

Hala jakinarazi du gaur, osteguna, Maria Chivite Nafarroako presidenteak, bere gobernua kontrolatzeko Foru Parlamentuan egin duten saioan. Bertan, minutu bateko isilunea egin dute koronabirusaren eraginez orain arte Nafarroan zenbatu dituzten 400 bat biktimen omenez. Hain zuzen ere, pandemia horren kudeaketarekin eta ondorioekin lotuta egon dira presidenteari egindako galdera gehienak.

Nafarroako Gobernuko presidentearen esanetan, bere kabineteak ez dio sindikatuekin eta patronalarekin hitz egiteari utzi, eta egunotan atzemandako beharrak helarazi dizkio Espainiako Gobernuari. Horrez gain, enplegua berreskuratu arte enpresa askotan ezarri dituzten aldi baterako lan-erregulazioak izan ditu hizpide, baita horien iraupena luzatzeko aukera ere.

Halaber, datorren astelehenean hasiko den deseskalatze planari ekiteko "Nafarroa prest" dagoela nabarmendu du Foru Gobernuko presidenteak, eta ekainaren amaieran  martxan jarri ahal izango den Gizarte eta Ekonomia Suspertzeko Plan bat lantzen ari direla jakinarazi du, neurri guztiak "egutegian behar bezala aztertuta" daudela ziurtatuz.

Koronabirusaren hedapenari aurre egiteko neurriak, ordea, Estatuak ezarritako "muga" errespetatuz antolatuko dituela esan du Chivitek. Proposatutako neurriek, ondorengo "lau lan-arlo" hauek izango dituzte oinarri: osasun arloa, sailen arteko elkarlana (bakoitzak bere eskumeneko sektoreei neurriak eta konponbideak egokituz), herritarren ekarpenak (gaur arratsaldean elkarte batzuetako adituekin batzorde bat eratuko dute) eta politika.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta/edo garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horien erabilera ez da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Politika Nafarroa Lana Espainiako Gobernua Espainia Enplegu-erregulazioko espedienteak Gaixotasunak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Sendagaiak Enpresaburuak María Chivite Koronabirusa Alarma egoera Deseskalatzearen azken ordukoa