Politika -

HAUTESKUNDEAK

Legebiltzarrerako hauteskundeak uztailean egiteko aukera iragarri du Urkulluk

Lehendakariak esan duenez, apirilaren 30erako alderdien mahaia deituko du, koronabirusak eragindako larrialdi egoera eta hauteskundeen deialdia aztertzeko.

Iñigo Urkullu, Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean, gaur. Argazkia: EiTB.
Iñigo Urkullu, Eusko Legebiltzarrean.
Hauteskundeak uztailean egiteko aukera iragarri du Urkullu lehendakariak

1:26

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak uztailean egiteko aukera iragarri du Iñigo Urkullu lehendakariak, gaur, Gasteizko Ganberako Diputazio Iraunkorrean. Apirilaren 5erako zeuden deituta EAEko hauteskundeak, baina COVID-19aren pandemia dela eta, atzeratzea erabaki zuten alderdi guztiek aho batez.

Pandemiari aurrean Eusko Jaurlaritza egiten ari den kudeaketaren inguruko azalpenak eman ditu gaur Urkulluk Legebiltzarrean, eta bertan egin du hauteskundeen inguruko iragarpena. Minutu bateko isilunearekin abiatu da saioa, koronabirusak utzitako hildako guztien omenez.

Lehendakariak esan duenez, apirilaren 30erako alderdien mahaia deituko du, larrialdi egoera aztertzeko eta hauteskundeen inguruko bere asmoak azaltzeko. Abuztua baino lehen egin nahiko lituzke bozak Urkulluk. "Datorren apirilaren 30ean osasun larrialdia ebaluatzeko eta hauteskunde deialdia aztertzeko alderdi politikoen mahaia deitzea erabaki dut", adierazi du.

Hiru arrazoi aipatu ditu lehendakariak, hauteskundeak udan egiteko. Batetik, bere hitzetan, Jaurlaritzaren osasun adituen aurreikuspenen arabera, "uztailean kutsatzeko arriskua tasarik baxuenean egon daiteke", eta, aitzitik, "udazkenean, baliteke gaixotasuna berriro hedatzea, eta ez dugu txertorik izango". Hori dela eta, hauteskundeak egiteko aukera aztertzeko premia ikusten du Urkulluk.

Bestalde, krisiaren dimentsioak "Legebiltzarra eratuta eta funtzio guztiak dituen Gobernua lehenbailehen izatea" eskatzen duela adierazi du lehendakariak bere agerraldian. Hori dela eta, udan hauteskundeak eginez gero, eta Legebiltzarra eratzeko hainbat aste beharko direla kontuan hartuta,  urtea amaitzerako erakundeak martxan izatea posible izango litzakeela uste du, tartean, datorren urterako aurrekontu proiektua marraztu ahal izateko.

Azkenik, lehendakariak esan du alderdi guztiak ari direla agerraldiak eskatzen Legebiltzarrean, pandemiaren inguruko neurriak eztabaidatzeko, eta, horregatik, erakundeak ahalik eta azkarren martxan jartzea nahiko lukeela esan du.

Apirilaren 26tik aurrera konfinamenduaren malgutze fasea abiatuko dela azpimarratu du, eta, besteak beste, etorkizunera begirako erabaki ekonomikoek eta sozialek "garrantzi handiagoa" hartuko dutela adierazi du. Elkarlana da "aurrera egiteko bide bakarra", Urkuluren arabera. "Ez da aukera bat, gizarte osoaren onerako aurrera egiteko bide bakarra baizik", zehaztu du.

Biktimei, omenaldia

Koronabirusak utzitako biktima guztien  omenezko agur-ekitaldia egitea pentsatzen ari direla ere aurreratu du Urkulluk. 

"Erakundeen eta gizarte osoaren izenean antolatutako ekitaldi solemne bat. Euren senideak nahi bezala agurtzeko aukerarik izan ez duten familiei elkartasuna adierazteko ekitaldia ere izango da", esan du. Horretarako, alderdi guztien adostasuna bilatuko dutela nabarmendu du.

Trantsizio plana

Normaltasunera itzultzeko Jaurlaritza diseinatzen ari den planaren inguruan ere aritu da lehendakaria, eta hainbat zertzelada aurreratu ditu. Oraindik, harik eta txertoa izan arte, hilabete asko igaroko direla, eta, beraz, "koronabirusa gure artean luzaroan" egongo dela ziur agertu da.

Mahai gainean duten planaren arabera,  maiatzaren bigarren hamabostaldirako, besteak beste, denda txikien eta ile-apaindegien "irekiera mugatua" aurreikusten du Jaurlaritzak. Tabernen eta jatetxeen irekiera aurrerago izango litzateke.

Aisialdirako guneak eta kulturarako espazioak (museoak, antzokiak …) ere, maiatzaren bigarren erdialdean zabaltzen hastea aurreikusten du Gasteizko Gobernuak,  horiek ere, hainbat mugekin. Halaber, kultur eta kirol ekitaldiak  poliki poliki, neurriak ezarrita, antolatzen hasteko aukera legoke, epe horretatik aurrera.

Hezkuntza-zentroei dagokienez,  DBHko laugarren mailako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleak aurrez aurreko eskoletara itzultzeko aukera berretsi du Urkulluk, horien "premiak hala eskatzen duelako".

Laguntza ekonomikoak

Bestalde, enpresari txiki eta ertainei zein autonomoen kolektiboari bideratutako laguntzen kopurua handitzea onartu du Eusko Jaurlaritzak; beste 500 milioi euro bideratuko ditu horretara.  Gauzak horrela, koronabirusak eragindako krisiari aurre egiteko helburuarekin martxan jarritako diru-partida 1.555 milioi eurora iritsiko da.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra EAEko hauteskundeak Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak Koronabirusa