Politika -

Koronabirusa

EAJ alarma-egoera babesteko prest dago, betiere "aginte bakarra partekatzen bada"

Dekretua "hobetzeko" asmoz, jeltzaleek zuzenketa batzuk aurkeztuko dituzte, eta, onartuz gero, "lasaitasun handia" emango liokete Euskadiri eta gainerako autonomia erkidegoei.

Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentea. Argazkia: EFE
Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentea.
Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentea. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak ziurtatu duenez, bere alderdia alarma-egoera babesteko prest dago bihar, asteazkena, betiere "aginte bakarra autonomia erkidegoekin partekatzen bada", koronabirusak eragindako pandemia elkarrekin kudeatzeko, autonomia ezberdinei egokitutako deseskalatze plana aplikatzeko eta autonomia erkidegoetako agintariek ere erabakiak hartzeko aukera badute.

Horrez gain, alarma-egoera arautzen duen "dekretua hobetzeko" asmoz, jeltzaleek zuzenketa batzuk aurkeztuko dituztela iragarri du Ortuzarrek, eta, proposamen horiek onartuz gero, Euskadiri eta gainerako autonomia erkidegoei "lasaitasun handia" emango lieketela esan du. "Espainiako Gobernuak negoziazioa irekitzeko prest egotea espero dut, eta egiten dizkiogun proposamenak onartzea, zentzuzkoak eta asmo onekoak baitira", nabarmendu du.

Testuinguru horretan, konponbidea "erraza" dela uste du Ortuzarrek, "pandemiaren aurkako borrokaren beste fase baten aurrean gaudelako". Hala, gakoa "negoziatzea" dela azpimarratu du. "Erantzukidetasuna eta elkarrekin egindako gobernantza zein batera hartutako erabakiak bultzatu behar dira", gaineratu du.

"Gehiegikeriaz jokatzeari utzi behar diogu, ez baitago jokoan koalizio-gobernu honek agintean jarraitzen duen ala ez, erortzen den ala ez, hori baino askoz ere serioagoa den zerbait dugu aurrean, pandemia bati eta osasun-krisi bati aurre egin behar diegu; krisi ekonomikoa ere eragin dutenak. Guk albiste txar batekin gosaldu dugu gaur EAEn, apirilean 10.500 pertsona gehiago langabeziaren zerrendetan zeuden", azpimarratu du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta/edo garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horien erabilera ez da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Krisi ekonomikoa Politika EAJ-PNV PSOE Andoni Ortuzar Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Espainia Alderdi politikoak Gaixotasunak Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa Alarma egoera