Politika -

KORONABIRUSA

EAE 1 fasera igaro bada, "baldintza guztiak betetzen zituen", ziurtatu du EAJk

Deseskalatzearen hurrengo faseetarako, "osasun legeekin nahikoa" litzatekeela dio Estebanek.

Aitor Esteban. Irudia: EFE
Aitor Esteban
Esteban: ''Lehen fasera pasatu bagara, baldintza guztiak betetzen zirelako izan da''

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aitor Esteban EAJk Kongresuan duen bozeramailearen esanetan, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeak deseskalatze fasera igaro badira, "baldintza guztiak betetzen zituztelako" da. Horrez gain, "burutik ere ez zait pasatzen osasun arlokoak ez diren beste irizpide batzuk egon direnik", nabarmendu du.

Hala erantzun du Estebanek, ETB1i eskainitako elkarrizketa batean.

"Fasez pasatzeko baldintza guztiak betetzen ziren, eta Eusko Jaurlaritzak egoera egokitu du. Ez dut uste, eta burutik pasatu ere ez zait egiten, osasunaz gain beste irizpide batzuk egon direnik", berretsi du.

Hala, deitoratu egin du EAE "beti fokuan" dagoela ematen duela. "Protagonismo handia izan dugu alarma-egoera luzatzea erabaki denean" eta "EAJ izan da alarma dekretuan zuzenketak sartu dituen talde bakarra", argudiatu du "fokuan" egoteko arrazoi bezala. Gainera, haren ustez, "arazo batzuk dituzunean, hobe da errua beti beste bati botatzea, eta horretan asko erabiltzen dira euskaldunak".

Halaber, buruzagi jeltzaleak esan du Eusko Jaurlaritzak "zuhurtziaz" jokatu nahi izan duela deseskalatzearen 1 fasera igarotzean. Izan ere, esan duenez, "baterako gobernantza egoeran gaude, eta badago espazio bat gure aldetik erabakiak hartu ahal izateko".

Beste luzapen bat

Bestalde, Aitor Estebanek adierazi du ez dakiela Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak alarma-egoeraren beste luzapen bat eskatuko duen ala ez, baina "hurrengo faseetarako, osasun legeekin nahikoa" litzatekeela iritzi dio.

"Ez dakit zer gertatuko den 15 egun barru. Pedro Sanchezek alarma-egoera mantendu nahi duela dio, baina beste batzuetan agian osasun zerbitzuekin nahikoa dela dio. Ikusiko dugu zein den izurritearen bilakaera, baina hurrengo faseetarako, neurri malguagoekin gaudenean eta mugimendu handiagoa dagoen garaian, osasun legeekin nahikoa litzatekeela uste dut", berretsi du.

Nolanahi ere, erabakia Gobernu zentralari dagokiola gogorarazi du, eta "15 egun barru zer aurkezten duen ikusi beharko dugu", gaineratu du. Ildo horretan, "elkarrizketa, hitz egitea eta, eguna iristen denean, dena bideratuta izatea" gomendatu du.

Autogobernua

Era berean, EAJk Kongresuan duen bozeramailearen esanetan, euskal autogobernua "murriztu" egin da Espainiako Gobernuak hartutako neurri askotan, COVID-19ak eragindako osasun krisian, eta "autonomia erkidego guztietan ahotsa altxatu dute zentzu horretan".

Nolanahi ere, "azken luzapenean, egoera hori leuntzea lortu genuen", eta, beraz, "aginte bakarra" ez dagoela uste du. "Ezin da Kongresuak adostutako testutik harago joan, bertan argi eta garbi finkatzen baita bide bat dagoela autonomia erkidegoekin adosteko, eta, behin adostuta, tarte bat, autonomia erkidego bakoitzak eskubide osoa izan dezan egokitzat jotzen dituen neurriak ezartzeko", azaldu du.

Hauteskunde autonomikoak

Bestalde, Aitor Estebanek azpimarratu duenez, alarma-egoerak "ez du hauteskunde batzuk egitea debekatzen". Gainera, deseskalatzearen hurrengo faseetan hainbat jarduera posible izango badira, hala nola biltzea edo antzokiak edo zinemak irekitzea, "nola ez gara gai izango segurtasun neurri guztiekin hauteskunde batzuk antolatzeko", adierazi du.

Hala, hauteskundeen data finkatzeko erabakia Iñigo Urkullu lehendakariarena dela gogorarazi du, nahiz eta oposizioko indarrekin eztabaidatzen ari den, eta Eusko Legebiltzarra "ezohiko egoera batean" dagoen. "Beraz, lehenbailehen behar dugu Legebiltzar bat krisiari aurre egiteko eta datorren urterako aurrekontuak izateko".

"Ez dakit uztailean, irailean edo urrian, baina argi daukadana da ezin dela datarik gabe utzi, eta osasun adituek diotenaren arabera hartuko direla erabakiak pentsatzen dut ", ondorioztatu du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoak garraio publikoa erabiltzen baduzu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza EAEko hauteskundeak Espainiako Gobernua Gaixotasunak Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa Alarma egoera Deseskalatzea