Politika -

Koronabirusa

Alarma-egoera alde batera uzteko lege-aldaketak egin nahi ditu Espainiako Gobernuak

Carmen Calvok oposizioko alderdien babesa nahi du alarma-egoeraren azken luzapena onartzeko, oraingoan hilabete batekoa. Deseskalatze plana ekainaren amaieran edo uztailaren hasieran amaituko da.

Carmen Calvo Espainiako Gobernuko presidenteordea. Argazkia: EFE
Carmen Calvo Espainiako Gobernuko presidenteordea
Carmen Calvo Espainiako Gobernuko presidenteordea. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusaren agerraldiari aurre egiteko asmoz gaur egun indarrean dagoen alarma-egoera alde batera uzteko, deseskalatze prozesua amaitutakoan lege-aldaketak bultzatzea aurreikusi du Espainiako Gobernuak. Horrela, udazkenean birusa berriro agertzen bada, Konstituzioaren 116. artikulura jo beharrik ez izatea espero du Sanchezen gobernuak.

Carmen Calvo Espainiako Gobernuko presidenteordeak iragarri du koalizio-gobernuak lege-aldaketa horiek egiteko asmoa duela, eta adostasuna bilatzeko prest egoteko eskatu die oposizioko alderdiei.

Calvok zenbait egun daramatza oposizioko alderdien babesa bilatzen alarma-egoeraren azken luzapena onartzeko, baina oraingoan hilabete batekoa izango litzateke 15 egunekoa izan beharrean. Senatuan egindako agerraldian jakinarazi du Espainiako Gobernuaren asmoa, eta deseskalatze prozesua ekainaren amaieran edo uztailaren hasieran amaituko dela aurreikusi du.

Presidenteordeak azpimarratu duenez, ohiko legediak ez du "neurri zehatzak" hartzea ahalbidetzen koronabirusa bezalako pandemia baten aurrean, duela 30 urte legedia egin zenean egoera hau "imajinaezina" zenez "ez dagoelako aurreikusita".

Espainiako Gobernuak ez zuen PPren babesik behar izan alarma-egoeraren laugarren luzapenaren bozketan, EAJren eta Ciudadanosen aldeko botoa jaso zuelako. Dena dela, Sanchezek "batasuna" eskatu dio Casadori "datorrenari aurre egiteko"; izan ere, horren esanetan, bizitzak salbatzeko ez ezik, enpresak eta lanpostuak mantentzeko ere behar da. Hala ere, PPko presidenteak ziurtatu du bere alderdiak ez duela alarma-egoeraren beste luzapen bat babestuko.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoak garraio publikoa erabiltzen baduzu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika PSOE PP Espainiako Gobernua Espainia Alderdi politikoak Gaixotasunak Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Erizaintza Koronabirusa Alarma egoera Deseskalatzea