Politika -

Koronabirusa

Espainiako Gobernuaren aurka Guardia Zibilak egindako txostenak hainbat akats ditu

Madrilen M8ko manifestazioak baimendu zituztenean Pedro Sanchezen Gobernuak koronabirusak osasun krisi larria eragingo zuela bazekiela erakutsi nahi du txostenak.

Fernando Simon artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Fernando Simon artxiboko irudi batean.
Fernando Simon artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak koronabirusaren pandemiaren harira egin duen kudeaketa zalantzan jartzen duen Guardia Zibilaren ikerketa akatsez beteta dago eta jada gezurtatuta dauden albiste faltsuetan oinarritzen da.

83 orrialdeko dokumentua Carmen Rodriguez Medel Madrilgo auzitegiko epailearen esku dago eta honek Jose Manuel Franco Espainiako Gobernuaren ordezkaria inputatu du, M8ko manifestazioa baimentzeagatik prebarikazioa egin ote duen argitzeko.

Guardia Zibilak egindako txostenaren arabera, martxoaren 5etik aurrera Madrilen manifestazio guztiak galarazita egon beharko ziren, ordurako Espainiako Gobernuak "jakin bazekielako" COVID-19 zabaltzeko arriskua handia zela.

Alabaina, tesi hori defendatzeko informazio okerrak eta dagoeneko gezurtatuta dauden albiste faltsuak erabili ditu Guardia Zibilak. Halaber, hainbat datu ezkutatu ditu.  

Txostena irakurtzeko aukera izan duten komunikabideen arabera, Guardia Zibilak dio Munduko Osasun Erakundea koronabirusaren hedapena pandemia gisa deklaratu zuela urtarrilaren 30ean, baina erabaki hori hilabete eta erdi geroago hartu zuen, martxoaren 11n, M8ko mobilizazioak egin eta hiru egunetara.

Guardia Zibilak Salvador Illa Osasun ministroa eta Fernando Simon Osasun Larrialdiak Koordinatzeko Zentroko zuzendaria ere aipatzen ditu txostenean.

M8ko manifestazioa baimendu zuten bitartean, martxoan Madrilen egitekoa zen biltzar ebanjelista debekatu egin zutela aurpegiratzen die. 5.500 lagun bildu behar ziren han.

Fernando Simonek gaur azaldu duenez, kongresu hura arrisku handikotzat jo zuten, 120 herrialdetako parte-hartzaileak bildu behar zirelako, eta herrialde horietako batzuetan koronabirusagatik larrialdian zeudelako.

"Bi egun geroago egin zen ekimena bestelakoa zen", adierazi du M8ko martxari aipu eginez. Manifestazio horrek koronabirusaren bilakaeran "eragin txikia" izan zuela eta Estatuan gaixoen kopuruak gorakada nabarmena martxoaren 9an izan zuela azpimarratu du.

"Horrek esan nahi du kutsatzeak otsailaren 20 eta 25 bitartean eman zirela, eta ez martxoaren 8an, birusak inkubatzeko bi aste behar dituelako", azaldu du.

Horrez gain, Guardia Zibilak bere txostenean aipatzen du Espainiako Gobernuko hainbat ministro eskularru moreak jantzita joan zirela M8ko manifestaziora, koronabirusarekin kutsatzea ekiditeko asmoz.

Alabaina, Guardia Zibilak ez du kontatu ohikoa dela manifestariak eskularru moreekin joatea mobilizazio horretara, aurreko urteetako irudietan ikus daitekeenez.

Guardia Zibilak bere ikerketarako erabili duen bideoa eskuinak zabaldutako eta OK Diario eta Cope bezalako komunikabideetan argitaratutako informazio faltsua da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSOE Espainiako Gobernua Gaixotasunak Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa Alarma egoera Deseskalatzea Munduko Osasun Erakundea