Politika -

Euskal derbia, finalean

Andaluziak "pedagogia" egingo du Kopako finalean Espainiako himnoa ez txistukatzeko

Andaluziako Juntako Hezkuntza eta Kirol kontseilariak eskatuko die Realeko eta Athleticeko zaleei "guztiok ordezkatzen gaituzten nazio-ikurrak errespeta ditzatela".

Realak eta Athleticek jokatuko dute finala; data zehazteke dago. Argazkia: EFE.
Realak eta Athleticek jokatuko dute finala; data zehazteke dago
Realak eta Athleticek jokatuko dute finala; data zehazteke dago. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Javier Imbroda Andaluziako Juntako Hezkuntza eta Kirol kontseilariak "pedagogia" egingo du, asteazken honetan iragarri duenez, "Realeko eta Ahleticeko zale bikainen artean", Sevillan bi euskal talde horiek jokatuko duten Kopako finalean Espainiako himnoa txistuka ez dezaten.

"Ez izan zalantzarik; pedagogia egiten saiatuko naiz, eta helaraziko diet zale bikain horiei guztiok ordezkatzen gaituzten nazio-ikurrak errespeta ditzatela", esan du Imbrodak, Ciudadanosekoa bera, Errege Koparen gaineko galdera bati erantzuteko; galdera Francisco Jose Carrillo Ciudadanoseko diputatuak egin du, Andaluziako Parlamentuan.

Imbroda Espainiako selekzioaren entrenatzailea izan zen, eta mundu osoan zuzendu ditu saskibaloi-taldeak; esan duenez, "ondo baino hobeto dakit errespetu hori zer den; ezin hobeto ezagutzen dut".

"Konfiantza dut, eta uste dut errespetu hori nagusituko dela; guztiok eman behar diogu elkarri, ados egon ala ez. Hori eskatuko dut, ez egin zalantzarik", hitzeman du kontseilariak. Gogora ekarri duenez, Luis Rubiales Espainiako Futbol Feredazioko presidentearekin hitz egin zuen, Kopako azken finaletan Espainiako himnoari egindako txistualdiak hizpide.

"Osasun-agintariek esango dute finala noiz jokatuko den"

Realaren eta Athleticen arteko finala apirilaren 18an jokatzekoa zen, Sevillako Cartuja Estadioan, baina, koronabirusaren pandemiaren ondorioz, atzeratu egin dute, zaleek harmailetan egoteko aukera izan arte.

Finala "urrian, azaroan edo abenduan" jokatuko dute, "presarik ez dugu", zehaztu du Imbrodak; nabarmendu duenez, osasun-agintariek esango dute noiz jokatuko den: "Horren berezia den partida bat ezin da zalerik gabe jokatu", esan du. Bi klubek hori adostu zuten, eta Imbrodak txalotu egin du erabakia.

Imbrodaren iritziz, finala "Cartuja Estadioa berriro erabiltzeko aingurarik onena da", kontuan izanik partida "mundu erdian" ikusten dutela, eta "urteko kirol-jairik nagusienetakoa" dela. Finala ondorengo lau urteotan jokatuko da Sevillan; Madrilgo Wanda Metropolitano futbol-zelaiak ere eskatu zuen, baina azkenean Sevillak lortu zuen partida horiek bertan jokatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Athletic Futbola Kirolak Reala Politika Errege Kopa Euskal derbia bideoak Eguneko albisteak Albisteak