Politika -

GARDENTASUNA AUZITAN

Eusko Alkartasunaren barne gatazka ekainaren 10ean iritsiko da epaitegietara

Sektore kritikoak egungo zuzendaritza auzitara eraman zuen azken barne hauteskundeetan berme eta afiliazio zerrendarekin izandako desadostasunen ostean.

Maiorga Ramirezek uste du ez zituela Eba Blancoren berme berdinak izan EAko primarioetan. EFE
Maiorga Ramirezek uste du ez zituela Eba Blancoren berme berdinak izan EAko primarioetan.
Maiorga Ramirezek uste du ez zituela Eba Blancoren berme berdinak izan EAko primarioetan. EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osasun krisia dela eta hainbat atzerapen izan eta gero, Eusko Alkartasunaren barne-hauteskundeen harira abiarazitako auziaren epaiketa ekainaren 10ean, 16ean eta 17an izango da Gasteizen.

Pello Urizarren ordezkoa aukeratzeko primarioetan, sektore kritikoak barne-hauteskunde horietan parte hartzeko zuen eskubidea urratu zitzaiola salatu zuen. Maiorga Ramirez zen sektore horren hautagaia.

Lehen egunean sektore kritikoak deitutako zortzi lekukok deklaratuko dute eta bigarrenean, alderdiko zuzendaritzak deitutako beste zortzik.

Besteak beste, Joseba Gezuraga Hauteskundeen Antolakuntzarako Batzordearen arduradun eta jarduneko idazkari nagusi ohiak, EAren zuzendaritzako hainbat kidek eta Bermeen Batzordeko bi ordezkarik deklaratuko dute.

Sektore kritikoak salatu duenez, Maiorga Ramirezi afiliatuei buruzko datuak jasotzea ukatu zitzaion bitartean, Eba Blancoren hautagaitzak informazio hori erabiltzeko aukera izan zuen. Horixe da orain epaileak argitu beharko duena: Ramirezen eskubideak urratu ziren ala ez.   

Urizarrek dimisioa eman ondoren, bi hautagai aurkeztu ziren kargura: Eba Blanco (55 abal edo babesekin, eta sektore ofizialekoa) eta Maiorga Ramirez (400 abal edo babesekin -tartean Garaikoetxea Lehendakariarena, Unai Ziarretarena edota Manuel Ibarrondorena, Esther Larrañagarena eta Rafa Larreinarena). Hauteskunde batzordeak Ramirezen hautagaitza bertan behera utzi zuen. Azaldu zuenez, hautagai izateko ezinbestekoa lurralde bakoitzean gutxienez bost afiliaturen babesa lortzea, baina Ipar Euskal Herriaren kasuan, Ramirezek ez zuen baldintza hori bete eta, beraz, primarioetatik kanpo uztea erabaki zuten. Hala, Eba Blancoren hautagaitza bakarrik onartu zen.

Azaroaren 11n, ebazpen judizial baten bidez, "Eba Blanco EAko idazkari nagusi izendatzearen eraginkortasuna bertan behera geratu zen" baina handik gutxira, azaroaren 18an, EAko Batzar Nazionalak jarduneko idazkari nagusi izendatu zuen Eba Blanco. Geroztik, kritikoek primarioak deitzeko eskatu diote.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Carlos Garaikoetxea argazkiak Epaiketak argazkiak Alderdi politikoak Eusko Alkartasuna Eguneko albisteak Albisteak