Politika -
Barne Ministerioa
Guardia Zibilaren ikerketari buruz ez informatzeagatik kargugabetu zuten De los Cobos
Barne Ministerioaren esanetan, ikerketaren inguruko informazioa ez emategatik kendu zuten kargutik, eta ez epaitegira bidalitako dokumentuaren edukiagatik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Espainiako Gobernuak koronabirusaren pandemiaren hasieran egindako kudeaketari buruz eta M8an Madrilen egindako mobilizazioen harira Guardia Zibilak egin zuen ikerketari buruzko informaziorik ez emateagatik kargugabetu zuen Barne Ministerioak Diego Perez de los Cobos koronela.
Europar Press agentziak zabaldu duenez, De los Cobosek bere arduradunei ikerketa horri buruzko informazioa emateari utzi zion egun batetik bestera eta horrek Barne Ministerioak harengan jarritako konfiantza galtzea eragin zuen.
Barne Ministerioko iturriek zehaztu dute Guardia Zibila zertan ari zen ez jakinarazteagatik kendu zutela kargutik, eta ez Madrilgo epaitegiaren esku utzitako txostenaren edukiagatik.
Bestalde, Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak agerraldia egin du Senatuan eta azpimarratu du ez duela dimisiorik emango, oposizioko alderdi nagusiek hala eskatu dioten arren. Guardia Zibilak egindako ikerketan bere departamentuak eskurik sartu ez duela eta zuzen jokatu duela berretsi du.
Auzi honetaz galdetuta, Maria Jesus Montero Espainiako Gobernuko bozeramaileak ziurtatu du Marlaskak Pedro Sanchez presidentearen babesa daukala.