Politika -

Kongresuan

Sanchez: "Polizia patriotikoa argitara ematen ari delako gaitzetsi dute Marlaska"

Barne ministroak Diputatuen Kongresuan azaldu duenez, ez zuen zehaztu zergatik kendu zuen De los Cobos kargutik bere ibilbide profesionala errespetatzeagatik.

Grande-Marlaska, asteazken honetan, Diputatuen Kongresuan. Argazkia: EFE.
Grande-Marlaska, asteazken honetan, Diputatuen Kongresuan
Grande-Marlaska, asteazken honetan, Diputatuen Kongresuan. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak oposizioak Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroari azken egunotan egin dizkion gaitzespenak izan ditu hizpide; izan ere, Grande-Marlaskak Diego Perez de los Cobos koronela, Madrilgo Guardia Zibileko Komandantziako burua bera, kargugabetu egin zuen, eta horrek kritikak ekarri ditu. Sanchezen esanetan, baina, PPren Gobernuaren "polizia patriotikoa argitara ematen ari delako" ari dira Marlaska gaitzesten.

Hala adierazi du, Diputatuen Kongresuan, asteazken honetako eztabaidan, erantzun-txandan. Sanchezek, eztabaidan, alarma-egoerako seigarren eta azken luzapena eskatu du.

Hasierako hitzaldian, Sanchezek ziurtatu du konpromisoa hartzen zuela erantzun-txandan ez sartzeko oposizioaren balizko probokazioetan. Baina, azkenean, Espainiako presidenteak gogor gaitzetsi du Pablo Casado PPko presidentea; hain zuzen ere, Mariano Rajoyren Gobernuaren "polizia patriotikoa" izenekoa aurpegiratu dio azken horri

Oposizioak gaitzespenak bota dizkio Sanchezi, Barne ministroak erabaki baitu Diego Perez de los Cobos koronela kargugabetzea. Perez de los Cobosen unitatea epaitegira bidaltzeko txostenak ari zen egiten; epaitegi horretan ikertzen ari dira zein erantzukizun izan duen Espainiako Gobernuaren Madrilgo ordezkariak koronabirusaren hedapenean, kontuan izanik martxoaren 8ko manifestazioa baimendu egin zuela. Perez de los Cobosek ez zion txosten horien berri eman Guardia Zibileko zuzendariari, ez eta Ministerioari ere.

"Polizia patriotikoa argitara ematen ari den eta justiziarekin elkarlanean dabilen Barne ministro hori Marlaska da, hori da gertatzen dena; horregatik eraso diozue zuek", esan dio PPko liderrari.

Sanchezen hitzetan, bere Gobernuak errespetatzen du, eta beti errespetatu izan du, independentzia judiziala, "eta ez gara tartean sartu, eta ez gara sartuko, Estatuko segurtasun-indarretan".

PSOE eta Unidas Podemosekin, ez da polizia patriotikorik izango

Casadori eta Voxeko Santiago Abascali ondorengoa esan die: "Espainiarrei, gauza bat bermatu ahal diet: Gobernuan PSOE eta Unidas Podemos dauden bitartean, inoiz ez, inoiz ez da izango gaizki deituta dagoen polizia patriotikorik".

Gehitu duenez, "nahiz eta bilatu, inork ez du aurkituko PPren eta aurkari politikoen jardueren alde egiten duen polizia-agenteen destakamenturik, talde eta egoitzarekin. PP Gobernuan zen garaiko jarduerak estaltzen dituzten polizia-agenteen talderik ere ez dute topatuko".

Adierazi du bera ez dela Casado eta Abascal bezalakoa, eta nabarmendu du bere Gobernuak onartu egin duela Lan Eskaintza Publiko bat Espainiako Estatuko indarretan berritze-tasa % 120an areagotzeko; halaber, berak zuzentzen duen Gobernuak soldata-parekatzeko hirugarren tartea onartu du, "bai eta Guardia Zibilaren eta Polizia Nazionalaren instalazioak eta azpiegiturak berreraikitzeko inbertsio publikoko inoizko kopururik altuena ere".

Marlaskak dio ez zuela zehaztu zergatik kendu zuen De los Cobos bere karrerarekiko errespetuagatik

Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak argi utzi nahi izan du ez duela dimitituko Diego de los Cobos Guardia Zibileko koronela kargutik kendu izanagatik, eta kargugabetzearen arrazoiak ez zituela zehaztu nahi izan ziurtatu du, agintari horren karrera profesionala errespetatzeagatik.

Marlaskak PP, Vox eta Ciudadanos oposizioko alderdien galderei erantzun behar izan die Kongresuko Osoko Bilkuran; izan ere, alderdi horietako diputatuek berriz ere dimisioa eskatu diote, gezurretan aritzea leporatu diote, eta aurpegiratu diote legez kanpoko zerbait egin izana, nahiz eta karrerako epaile izan.

Barne ministroak zehaztu duenez, Rafael Perez Segurtasuneko Estatu idazkariak kargutik kendu zuen koronela, Maria Gamez Guardia Zibileko zuzendariak proposatuta, konfiantza galtzeagatik eta gorputzean egiten ari diren berregituraketagatik.

Eta honakoa adierazi du: "Hasiera batean esan nuen birmoldaketa eta konfiantza galtzea zirela arrazoiak, baina ez nuen gehiago esan nahi, Perez de los Cobosen karrera profesionalari errespetua diodalako. Karrera profesional hori asaldatzeko ikertzen ari zarete eta ni ez nago prest".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua azken ordukoa Politika Alderdi Sozialista PP Espainiako Gobernua bideoak Espainia bideoak Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Podemos