Politika -
Konstituzioaren erreforma
Gobernuak denbora faltagatik ez du deitu erreferenduma
Jose Blanco Gobernuaren bozeramaileak esan du "herritarrei galdetu" nahi zietela Konstituzioaren erreformaren inguruan, baina egoerak erantzun azkarrak eskatzen zituela.
Erredakzioa
Jose Blanco Gobernuaren bozeramaileak esan du Gobernuak "herritarrei galdetu" nahi ziela Konstituzioaren erreformaren inguruan, baina ekonomiaren "egoera larriak" erantzun azkarrak eskatzen zituenez, ez omen dute astirik izan.
Blancok Ser irrati-katean egin dioten elkarrizketa batean azaldu duenez, egoera horretan ezin izan zuten neurriak hartzearen ardura herritarrengan utzi, beraz, Gobernua izan da erabakia hartu duena eta herritarrek epaituko dute.
Bozeramaileak aitortu du zaila izan daitekeela herritarrek erabakia ulertzea, baina hartu beharrekoa dela egoera "larria" eta "oso zaila" delako. Erantzunak azkarra izan behar duela esan du, duela bi hilabete krisia amaitzear zegoelako eta "orain atzeraldian pentsatzen ari gara".
Blancok aurrekontuen egonkortasuna babestu du eta azpimarratu du ez dagoela ados PPk proposatzen duen "defizita zero" formularekin. Era berean, Esperanza Aguirre Madrilgo presidentea kritikatu du "zorpetzea aprobetxatuz hezkuntzan murrizketak egingo dituelako".