Politika -
Euskal Herriko Unibertsitatea
Gazte batek Gasteizeko campusean salatutako erasoaren auzia artxibatu du epaileak
Gertakaria 2018ko azaroaren 30ean jazo zen. Hiru atxilotuak aske utzi zituzten. Biktima Espainiako batasunaren defentsarako elkarte baten batzarretik atera zen.
Agentziak | Erredakzioa
Gazte batek kaputxadun talde baten erasoa salatu zuen Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Gasteizko campusean, Espainiako batasunaren defentsarako elkarte baten batzarretik atera ondoren. Instrukzio-epaitegiak, aldiz, auzia behin behinean artxibatzea erabaki du.
Gertakaria 2018ko azaroaren 30ean jazo zen, eta Ertzaintzak hiru pertsona atxilotu zituen abenduaren 11n, gazteak salatutako jipoian parte hartu izana egotzita. Hiru atxilotuak aske utzi zituzten, horietako bi epailearen aurrera eraman ondoren. Lesioak eta gorroto delituak leporatu zizkieten.
Ekainaren 5ean sinatutako ebazpenean, auzia behin behinean artxibatzea erabaki du orain epaitegiak. Bi gazteen parte-hartzea "frogatzeko zantzu nahikorik" ez dagoela azaldu du epaileak. Besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Nekane Balluerka EHUko errektoreak gertakariak gaitzetsi zituzten.
Atxilotuak gertakariak jazo ziren unean eta tokian edo inguruetan identifikatu ez zituztela gogorarazi du epaileak, eta erasoan parte hartu izana ukatu zuten biek.
Hala ere, zantzu berriak agertzen baldin badira auzia berriz zabaltzeko aukera ikusten du epaileak, iturri judizialek zehaztu dutenez.