Politika -

Felipe VI.a eta Letizia

Erregeen aurka protesta egin eta errepublika aldarrikatu dute Bilbon eta Gasteizen

Manifestariek Franco diktadorea, Juan Carlos I.a eta Felipe VI.aren irudiak, buruz behera, jarri dituzte Bizkaiko zein Arabako hiriburuan, hiru kartel erraldoitan.

Erregeen bisitaren aurkako protestak, Bilbon. Argazkia: EFE
Erregeen bisitaren aurkako protestak, Bilbon. Argazkia: EFE
Erregeen bisitaren aurkako protestak, Bilbon. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Dozenaka pertsonak elkarretaratze baketsua egin dute Bilbon, besteak beste, Sortuk deituta, Espainiako erregeen bisitaren aurka protesta egiteko eta errepublika aldarrikatzeko.

Felipe VI.a eta Letizia Espainiako erregeek Guggenheim eta arte ederren museoak bisitatu dituzte Bilbon. Gainera, estatuburua enpresaburuekin bildu da, COVID-19aren aurkako borrokak eragindako krisi ekonomikoaren aurrean euren kezkak eta itxaropenak ezagutzeko.

Manifestariak Euskadi Plazan, bi museoen artean, bildu dira. Franco diktadorea, Juan Carlos I.a errege emeritua eta Felipe VI.a erregearen irudiak, buruz behera, jarri dituzte bertan, hiru kartel erraldoitan.

Errepublikaren aldeko manifestariek protestarekin bat egin dute, hiru koloreko banderak esku artean zituztela. Monarkiaren eta Juan Carlos I.a errege emerituaren aurkako oihuak egin dituzte.

Euskadi plazan, Bilbon, jarritako kartel erraldoiak. Argazkia: EFE

Euskadi plazan, Bilbon, buruz behera jarritako kartel erraldoiak. Argazkia: EFE

Ondoren, potentzia handiko megafonia ekipo batekin Errege Kopako final batzuetan, Athleticeko eta Bartzelonako jarraitzaileek, Espainiako ereserkiari egindako txistualdiak erreproduzitu dituzte.

Erregeak arte ederretako museora heldu direnean, manifestariek kartelak erakutsi dituzte “Errepublika” leloarekin, eta Euskal Herriarentzako autodeterminazioa aldarrikatu dute. Era berean, independentziaren aldeko eta “Erregeak kanpora” bezalako oihuak egin dituzte.

Beste pertsona talde batek, ostera, erregeak bibaka hartu ditu museotik hurbil. Erregeei ongietorria egin diete txalo artean.

45 minutuko elkarretaratzea egin ondoren, manifestazioa modu baketsuan desegin da. Istiluen aurkako ertzainek Espainiako erregeen inguruan segurtasun dispositibo zabala prestatu dute.

Protesta artean hasi dute Espainiako errege-erreginak EAEra bisita
Protesta artean hasi dute Espainiako errege-erreginak EAEra bisita
Protesta artean hasi dute Espainiako errege-erreginak EAEra bisita

2:12

Arratsaldean, erregeek Gasteizko San Prudentzio Fundazioari bisita egin eta bidaiari amaiera eman diote. Sortuk “txistukada herritarra” deitu du Andre Mari Zuriko plazan, goizean Bilbon egin bezala.

Felipe erregearen, haren aita errege emerituaren eta Francoren irudiak buruz behera jarri dituzte, eta baita Espainiako ereserkiari egindako txistualdiaren grabazioa ere. Gainera, manifestariek errepublika aldarrikatzeko pankartak erakutsi dituzte.

Erregearen abdikazioaren inguruko galdera bati “betoa” jarri diotela salatu du EH Bilduk

Bestalde, datorren asteazkenean Espainiako Gobernuari egiteko asmoa zuen galdera aldatu beharko du EH Bilduren talde politikoak. Erregearen balizko abdikazioa eta monarkiaren inguruko erreferendum bati buruz galdetu nahi zuen koalizioak.

EH Bilduk atzo erregistratu zuen galdera, Jon Iñarritu diputatuak sinatuta, iturri parlamentarioek jakitera eman dutenez. “Gobernuaren eskumenetatik kanpo eta kontrol parlamentariotik at dagoen” gai baten inguruan formazko hanka-sartzeak dituela argudiatu dute Ganberako zerbitzu juridikoek. EH Bilduk, aldiz, galderari “betoa” jarri diotela salatu du. Iturri parlamentarioek, ordea, hori ukatu dute.

EH Bilduk ostegunean erregistratutako galdera: “Gobernuak erregearen abdikazioa eta estatuburuaren inguruko erreferendum bat babesteko zer gehiago gertatu behar da?”

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bilbo Juan Carlos I.a Bizkaia Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Felipe VI.a Espainia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Manifestazioak