Politika -

Memoria Historikoa

Errepublika defendatu zutenen "aitorpen juridiko eta soziala" eskatu dute Gasteizen

EH Bildu, Ahal Dugu-Podemos, Ezker Anitza eta Equo-Berdeakek elkarretaratzea egin dute Gasteizen. Duela 84 urte matxinada militarrak Gerra Zibila eragin zuen.

Elkarretaratzea Gasteizen. Irudia: EH Bildu
Elkarretaratzea Gasteizen. Irudia: EH Bildu
Elkarretaratzea Gasteizen. Irudia: EH Bildu

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

“Errepublika defendatu eta frankismoaren, faxismoaren eta nazismoaren aurka borroka egin” zuten pertsonen “aintzatespen juridiko, politiko eta soziala”, eskatu dute EH Bildu, Ahal Dugu-Podemos, Ezker Anitza eta Equo-Berdeakek.

Lau indar politikoek elkarretaratzea egin dute Gasteizen. Duela 84 urte matxinada militarrak Gerra Zibila eragin zuen.

Ekitaldi bateratua egin dute laugarren urtez jarraian. Estatu-kolpeak “milaka hildako eta zauritu, espetxeratze, hilketa, erbestea, deserria, isunak, konfiskatzeak, gosea, miseria eta suntsipena” utzi zituela gogorarazi dute. Gainera, “Arabako gizartea oraindik ordaintzen ari den atzerapen moral eta soziala” eragin zuen, azpimarratu dutenez.

Frankismoaren Biktimen Lege bat aldarrikatu dute berriro, II. Errepublikaren aurkako estatu-kolpea eman zuen “erregimen kriminala” espresuki gaitzesteko.

Era berean, “askatasunaren alde hamarkadetan zehar borroka egin zutenak aitortzeko” lege integralaren eztabaidari berriro heltzeko eskatu diote Eusko Legebiltzarrari.

Azkenik, eskola curriculumak “II. Errepublikaren eta aurreneko Eusko Jaurlaritzaren egia historikoa, estatu-kolpea, diktadura frankistaren eta trantsizioaren errepresioa, estatu-kolpearen aurka borroka egin zutenen balioak eta konpromiso militantea” jasotzea aldarrikatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EH Bildu Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Frankismoa Memoria Historikoa Ezker Anitza Equo Berdeak